Legegintzaldi hau erabat kaltegarria izan da Nafarroako osasungintzarako. UPNren eta Marta Veraren kudeaketa negargarria izan da. Irizpide ekonomizistei itsuki jarraitu diete, eta inposizioa eta harrokeria izan dira nagusi, gehiego sozial, sindikal eta politikoari entzungor eginez.

Azkeneko lau urteotan Gobernuak oso neurri larriak hartu ditu, milaka nafarrentzat ondorio latzak izan dituztenak. Murrizketak, pribatizazioak, gaizki planteatutako hainbat berrantolaketa, planifikazio falta, parte hartze falta, etengabeko inposizioak... Osasunbidean hiru gerente ezberdin, Zuzendaritzetan eta goi karguetan hainbat eta hainbat destituzio, dimisio; baliabide falta, langile falta, lan zamak gainezka;osasungintza publikoan kalitate galera nabarmena eta nafar jendartearen gehiengoaren haserrea; osasungintza publikoaren alde etengabeko protesta eta mobilizazioak.

Legegintzaldi honetan, krisialdiaren eta balizko aurrezpenen aitzakiapean, UPNk are argiago utzi du zein den bere eredua, eta pribatizazioetara jotzen jarraitu du, publikoaren bizkar entitate pribatuak elikatzen jarraitu du. Sukaldeen pribatizazioa legegintzaldi honek eman duenaren adibide argia da: sistema publikoaren kaltea, enplegu suntsiketa, prekarizazioa eta herritarroi ematen zaigun arretaren okertzea.

Ildo honetan, baliabide propioei etekin handiagoa ateratzeari muzin egiten zaion bitartean, eta itxaron zerrendak goraka ari direnean, pribatuarekiko kontzertu eta deribazioak hortxe ditugu, CUNen onurarako. Bere langileak artatzeko hitzarmen bereziak, eta deribazio adierazle lotsagarriekin. Esate baterako, azkeneko jarduera datuek erakusten dute CUNera bideratutako herritarrak, frogak edo ospitaleratzeak direla eta, izugarri hasi direla, modu ez proportzionalean gainera. Otsailean, adibidez, 2014ko garai horrekin berarekin alderatuta, CUNera egindako deribazioak %600 baino gehiago hazi dira.

Eta ez da gertaera isolatua. Badago UPNren politika zipriztintzen duen klientelismo ideologiko eta politikoa, Osasun arloan bereziki antzematen dena. Horren beste adibide garbi bat da Osasungintza arloko Ikerketa Institutua, Nafar Gobernuak CUN eta Opus Deiri bandejan eman diena. Proiektu estrategikoa omen dena, baina NUP kanpo utzita, UPNk eskaintzen zion gonbidatu paperari uko eginda. Eta halaxe jaioko da institutu hau, nagusiki finantziazio publikoa izanen duena, baina atal pribatuak, Opus Deik, maneiatuko duena. Edozein erabakiri betoa ezartzeko eta ikerketa biomedikoaren estrategia baldintzatzeko eskumena izango duena. Helburua garbia da: UPNk CUNen hegemonia blindatu nahi izan du, eta ikerketa publikoa garatzeko aukerak mugatu. Garbi dugu dena lotuta mantentzeko erregimenaren maniobra baten aurrean gaudela. Ikerketa pribatizatu, Opusen eta entitate finantzieroen esku utzita. Beraiek erabakiko dute zeren inguruan ikertu, eta beraiek aterako dituzte etekin. Atal publikoari dagokio baliabide ekonomikoak eta azpiegiturak jartzea. Nolako pagotxa.

Hauxe da errotik aldatu behar den errealitatea. Ezinbestekoa da aldaketa Nafarroako osasungintzaren kudeaketara ere iristea. Osasuna oinarrizko eskubidea da eta nafar guztiok merezi dugu kalitatezko osasungintza publikoa. Eskubidea den heinean, ezin da negoziorako aukera izan. Horregatik, osasun arloan eman behar den aldaketak bezerokeria eta lagunkeria errotik baztertu behar ditu. Arlo publikoa sendotu, pribatuaren aurrean. Hori da gure eredua, pertsonak baztertu eta entitate pribatuen mesedetan antolatzen den eredu mistoaren aurrean.

EH Bildun garbi dugu azken urteotako kudeaketa negargarria irauli egin behar dela. Garbi zian behar dugu osasungintza inbertsioa dela, eta ez gastua. Eta inbertitu, formazio eta ikerketa publikoan inbertitu egin behar dela, etorkizunerako berme gisa.

Osasun arloan ez da onargarri murrizketarik. Efizientziaren bidean neurri asko har daitezke, murrizketarik egin Gabe. Aurrezpenerako hainbat bide egon daitezke. Osasun Sistema guztiarendako erosketa zentral bat sortu, kontratu eta hitzarmen guztiak berrikusi eta aurrezpen bideak aztertu, organigrama berrikusi eta zentzurik / funtziorik gabeko ardura eta goi mailako postuak doitu...

Eta, jakina, osasungintza publikoaren aldeko benetako apostuak neurri zehatzak eskatzen ditu egindako murrizketak eta pribatizazioak iraultzeko. Esaterako, baliabide propioak gehiago eta hobetu baliatzea herritarrei zerbitzu hobea emateko eta itxaron zerrendak aritzeko. Baliabideak ezarri behar dira zentru pribatuetara egiten diren deribazio sistematikoak saihesteko. Eta pribatizazioak eten egin behar dira, eta jada pribatizatutako zerbitzuak kudeaketa publikora itzultzeko bitartekoak jarri, sukaldeetakoak lehentasuna behar duelarik.

Era berean, osasungintza publikoaren aldeko apostuak derrigor ekarri behar du beharrezkoak den giza-baliabidez hornitzea. Urgentea da plan orokor bat egitea langileria dimentsionatzeko, gaztetzeko eta egonkortzeko, estamentu guztietako beharrak aintzat hartuz. Ez da nahikoa hauteskunde bezperan enplegu publikoko eskaintza bat iragartzea, berandu eta gaizki.

Eta urgentziazkoa da, baita ere, kudeaketa eta antolaketa demokratizatzea. Kudeaketaren profesionalizazioa bultzatzea, lagunkeriak saihesteko. Eta profesionalekin elkarrizketarako eta parte hartzerako bidea urratu egin behar da. Erabakiak hartzeko momentuan parte aktiboa izan behar dute, bai eta berauek abian jartzeko unean ere. Ezinbestekoa da motibatuta eta inplikatuta senti daitezen, eta osasungintzak beharrezko dituen aldaketetan protagonista izan daitezen.

Azken batean, hauxe da EH Bildun hartzen dugun konpromisoa. Hauxe da gure programa lantzeko oinarri zian dugun eredua, Nafarroako Osasungintzarako ere nahi eta behar dugun sakoneko aldaketaren ardatza.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.