AHT-a eraikitzeko obren inguruan, azken egunotan, piztu den eztabaidaren harira, EH Bilduk lan honen kontra duen jarrera sendoa gogorarazi nahi du. Saldu nahi diguten aurrerapen faltsuaren aurrean, bidaiariendako Abiadura Handiko Trenak, martxan dagoen tokitan erakutsi den moduan, erabilpen eta ekonomi defizita soilik ekarriko du Nafarroara. Gogoratu nahi dugu, Estatu osoan martxan jarritako abiadura handiko sare guztia –Madril/Bartzelona linea barne – defizitarioa suertatu dela eta bere erabilera maila, hasiera batean espero zena baino askoz ere baxuagoa dela.

Nafarroako kasuan, obrak kostu-etekin txostenik gabe egiten hasi dira, lanen kostu erreala ezagutu, Nafarroak aurreratutakoa eta estatuak itzuli behar duen diruaren epeak finkatu eta azpiegitura hau mantentzeko kostuak azaldu gabe.

UPN-k “Nafarroako etorkizunarendako oinarrizko azpiegitura” moduan defendatu du azken egunotan AHT-a “eraikitze lanetan sortuko dituen lanpostuengatik”. Benetazko arrazoi eta argumentu errealen faltan, demagogiari heldu dio UPN-k, interes ekonomiko konkretu batzuen mesedetan egindako azpiegitura proiektu hau defendatzeko.

EH Bildu-k AHT-a eraikitzeko hasi diren lanak berehala geldiarazteko jarrera irmoa erakutsi nahi du, aldaketarako akordio programatikoa defendatzearekin batera. Akordio honen arabera, nazioarteko neurriei egokituko zaien trenbide sarearen aldeko apostua egiten du aldaketaren gobernuak. Sare honek, bidaiari eta merkantzien garraioa bermatu beharko du egungo trenbidea hobetuz eta tokian tokiko desplazamenduak lehenetsiz. Zentzu honetan, ez da administrazio pauso berririk emango, Castejon-Campanas bide zatiko lanek aurrera jarraitzeko.

Nafarroako egungo trenbide sareak beharrezkoak dituen hobenkuntzen alde egoteak ez du esan nahi AHT-aren alde gaudenik, are gutxiago azpiegitura honen atzean ezkutatzen diren interes ekonomiko ilunak defendatzen ditugunik. Aldaketaren Gobernuak xahukeriaren politiketatik aldendu behar da, konplexurik eta presiorik gabe, gizarte guztiaren behar eta ongizatearen politiken mesedetan.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.