“Bakea, Erabakia” lemapean bihar Donostian deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Nafarroako EH Bilduko kideek, “larunbat honetan bakea eta normalizazio politikoa lortzeko beste urrats bat egingo dugu. Izan ere, herri honek, modu batean edo bestean, ondo asko ezagutzen ditu gatazka etengabean bizitzeak dituen ondorioak. Herri honek bakean bizi nahi dugula aldarrikatu du behin baino gehiagotan eta EH Bildu osatzen dugunok horretarako lan egin dugu, lan egiten ari gara eta lan egingo dugu” adierazi du Bakartxo Ruizek. Agerraldian EH Bilduko kide, parlamentari eta zinegotzi ezberdinek parte hartu dute, manifestazioarekin bat eginez. Bakartxo Ruiz eta Asun Fernandez de Garaialde parlamentariek hartu dute hitza.

“Konponbiderik nahi ez dutenei, gatazka etengabean aritu nahi dutenei bi hitz esan behar diegu: erabakia eta bakea. Erabakia herri honek bere etorkizunaren jabe izan nahi duelako, eta bakea elkarbizitza bermatu nahi duelako” esan du Bakartxo Ruizek, “UPN, PSN eta PPri ere mezua, utz ditzaten albo batera, aste honetan bertan izan dituzten jarrerak, utzi ditzatela atzean konponbidearen oztopo diren aintzinako mezuak, eta batu daitezela konponbidera, hori baita Nafarroako jendarteak nahi duena”.

Zentzu berean mintzatu da Asun Fernández de Garaialde, “gatazka eta sufrimendua gure herritik baztertu nahi ditugu betiko. Inposizioa baino defendatu nahi ez dutenek jakin behar dute Euskal Herriak bere bidea hartu nahi duela, hartu behar duela, eta bide hori bakean egin nahi duela” eta gaineratu du “ia lau urte pasa dira, Aieteko nazioarteko bake konferentzian, gatazkaren behin betiko konponbiderako aukera eta esperantza ireki zitzaizkiola Euskal Herriari. Baina Estatu espainolak eta frantsesak konponbiderako aukera honi eta herri honen esperantzari ateak itxi nahi dituzte”.

Aste honetan bertan, Madrilen, Diputatuen Kongresuan gertatutako ere gogora ekarri dute “Sabino Cuadra, Madrilgo Kongresutik kaleratu dute, herri honek pairatzen duen inposizioa salatzeagatik. Inposizioa babesten eta bermatzen duen Espainiako Konstituzioa salatzeagatik. Argi dugu herri honetan sufrimendu eta injustizia asko daudela eta horiek gure kaleetatik desagerrarazteko ez dugula atsedenik hartuko”.

Manifestazioan parte hartzeko deia gogoratuz bukatu du Bakartxo Ruizek agerraldia “Larunbatean Donostiako kaleetan askatasunean eta bakean bizitzeko erabakia hartu duen herria abian dagoela erakutsiko dugu eta ezarri ahal dizkiguten oztopo guztien gainetik erabaki hori gauzatuko dugula”.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.