Hemen azaltzen gara zuen aurrean, Nafarroako udal ezberdinetako hainbat alkate. Nafarroako aldaketa ahalbidetzen ari garen EH Bilduko alkate eta zinegotzien ordezkariak gara. Pasa den maiatzean gure herrien babesa eta bozka jaso genuen hautetsiak. Nafarroan hainbatetan eskatutako aldaketaren erakusle gara. Kaleetatik udal ugarietara salto egin duen aldaketa.

Badaude ordea, egoera berri hau onartu ez dutenak. Erregimenaren erorketa gustuko ez dutenak. Aldaketa onartu ez eta behin eta berriz zangotrabatzen saiatzen ari direnak.

Gaur prentsaurrean azaltzen garen alkate eta zinegotziak, egoera hau jasaten ari garenak gara. Azken hilabeteotan geure burua, egindako udal kudeaketaz baino, salaketa eta ekimen judizialekin erlazioa duten titularretan ikusi dugun alkate eta zinegotziak gara.

Argi eta garbi esan nahi dugu, ekimen eta salaketa hauek ez direla kasualitatea, ongi planifikatutako estrategia politiko bat baizik.

Erregimenak ez du onartu Nafarroako jendarteak bozkatutako aldaketa, eta behin eta berriz maiatzean aukeratutako udal eta instituzioak boikoteatzen saiatzen ari dira.

Honela, azken hilabeteotan, guk ordezkatzen ditugun udalek, Carmen Alba, Espainiko Gobernuaren ordezkari moduan, gobernu delegatuaren esku sartzea jasaten ari dira, gure kudeaketaren kontrako kanpaina moduan. Horren adibide garbienak, polizia txostenetan oinarrituta, Irunberriko bi zinegotzi edota Goizuetako eta Tafallako alkateak Entzutegi Nazionalera inputatu gisa deklaratzera deitu izanak dira. Honekin batera, Carmen Alba Nafarroako udal ugari epaitegien aurrean salatzen ari da behin eta berriz, salaketa hauek ere Guardia Civilaren txostenetan oinarritutakoak direlarik: txupinazoan ikurriña jartzeagatik, euskal presoen eskubideen defentsan egindako aldarrikapenengatik... Etxarri, Lizarra, Berriozar, Goizueta, Leitza, Antsoain, Lakuntza, Huarte, Arantza, Olazti eta beste hainbat herri dira horren lekuko.

Legearen irakurketa partzial eta interesatuak eginaz, askatasun politikoa eta adierazpen eskubidea murrizteko saiakerak egiten ari dira Gobernu Ordezkaritza eta Azpi Ordezkaritzetik. Espainiar Gobernuaren Delegaritza, nafar jendarteari zerbitzua eskaini ordez, menpekotasun eta kontrol lanerako mekanismo bat da.

Helburua argia da, geure instituzioen funtzionamendua baldintzatu eta geure erabakitzeko ahalmena, Espainiako Gobernuak markatzen dituen limitetara murritztu. Demokraziaren kontrako erasoen aurrean gaude. Herriek, libreki hautatu dituzten ordezkari eta instituzioen kontrako erasoak dira hauek. Arazoak ez dauden tokietan, eztabaidak eta enfrentamenduak sortzeko asmoz.

Gauzak horrela, Gobernu Ordezkaritzaren desagerpena eskatzen dugu, herri honen egituratze instituzionala, herritarren borondatean oinarritua eta herritarrek aukeratua izan behar duelako.

Egoera honen aurrean, gure salaketa publiko hau egiteaz gain, lanerako deia egin nahi diegu herritarrei. Maiatzean lortutako aldaketa sakondu eta zabaltzeko lana. Guztion artean.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.