Pasa den astelehenean, Bakaikuko alkateak, bi zinegotzik eta hiru herritarrek Espainiako Auzitegi Nazionalaren zitazioa jaso zuten. Azaroaren 20an Madrilera joan beharko dute deklaratzera. Santiago Pedraz epaile instruktoreak sinaturiko zitazioan, “terrorismoaren apologia” egin izana leporatzen zaie sei bakaikuarrei. Zitazioak ez du argipen gehiagorik ematen, eta beraz, gaurko egunean ez dakigu zein den gure bizilagunei “terrorismoaren apologia” delituaz akusatzeko gertakari zehatza. Dena den, festen testu inguruan euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenean parte hartzeagatik dela iruditzen zaigu.

Gertakari horren aurrean, Bakaikuko EH Bildutik, honakoa adierazi nahi dugu:

Irmoki salatzen dugu, beste behin ere, Estatu espainiarraren epaitegi aparatutik etorritako eraso hau. Hautu eta prozesu politikoak kriminalizatu eta judizializatzea ez da berria Euskal Herrian. Gure herrian gertatutako estrategia horren azken atala da. Beste behin ere, euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak hutsaren hurrena direla frogatu nahi du Estatuak, eta gure Herriak pairatzen duen gatazkari irtenbidea emateko aukera historikoa izanik, gatazka betikotzeko apustua berritu du.

Maiatzeko hauteskundeek aldaketa eragin zuten Nafarroan. Badaude ordea, egoera berri hau onartu ez dutenak. Erregimenaren erorketa gustuko ez dutenak. Aldaketa onartu ez eta behin eta berriz oztopatzen saiatzen ari direnak. Bakaikun, eta udan Nafarroako hainbat herritan gertatutakoa, aldaketaren aurka ongi planifikatutako estrategia politikoaren parte ere badira.

Euskal preso politikoen eskubideak defendatzeak euskal jendartearen gehiengo zabalarekin bat egiten du, eta eskubide horien defentsa ezin da delitu bihurtu. Elkartasuna eta giza eskubideen aldeko lana kriminalizatu nahi dute. Baina oker dabiltza. Gizarteak preso politikoen eskubideen defentsan lanean jarraituko du, orain bezala, giza eskubideen edozein urraketa salatzen.

Bakaikuar guztiak izan gara erasotuak. Sei pertsona hauei, une hauetan hain beharrezkoa duten herri babesa adieraztea beharrezkoa da, eta horregatik, larunbatean, 13:00etan, herriko plazan herritar talde batek deitu duen elkartasun argazkira joateko deia luzatzen diegu bakaikuarrei.

Datorren asteazkenean, hilak 18, Bakaikuko Udalak osoko bilkura berezia egingo du erasoa salatzeko.

Madrilera burua tente dugula joanen gara, jakitun baikara, gure herriaren gehiengoaren babesarekin goazela.

Iruñea

Feed-a ez da bilatu.

Herriak

Feed-a ez da bilatu.