Josu Juaristiren iritzi artikulua Gaur8n:

Euskal Herriak duen jokaleku politiko naturala Europa da eta, horren barruan, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea esparru guztietara hedatu eta aplikatu arte, behinik behin, baita Europar Batasuna ere. Baina ez orain bakarrik, bi estaturen menpe hor barruan kokatuta gaudelako; egunen batean Euskal Herri independente batek ateratzea erabakiko balu ere, gure jokaleku politiko, sozial eta ekonomiko naturala izaten jarraituko lukete Europak eta Europar Batasunak, gaur ezagutzen dugun Batasun honek bere horretan jarraitzen baldin badu behintzat. Ikus, bestela, Norvegiak edota Europar Batasunetik kanpo dagoen beste edozein estatuk Europar Batasunarekin duen harreman sare estua, ekonomikoa bereziki, baina ez ekonomikoa bakarrik. Kontinenteko gizarteak eta ekonomiak interkonektatuta daude eta hartu-emanak, naturalak izateaz gain, ezinbestekoak ere badira.

Honek guztiak ez du esan nahi, jakina, Europa edota Europar Batasuna direnik gure jokaleku bakarra. Nazioarteari begira ere bestelako ereduak, politikak eta politikagintzak behar dira. Horrexegatik da hain inportantea borrokak uztartzea eta hedatzea. Guretzat nahi dugun gizartea (hobea, justuagoa, berdinagoa, herrien eta herritar guztien eskubideak bermatuko dituena, irekiagoa, solidarioagoa, ekologistagoa...) europar guztientzat nahi dugu, baita mundu osoarentzat ere. Borroka banaezinak dira (hori da, finean, internazionalismoaren zentzu ezkutua, etxeko borroketatik hasten dena). Herrien eta herritar guztien eskubideen aldeko borrokak norberarengandik eta etxetik hasten dira. Migranteen eskubideen defentsa, esate baterako, ez da Europatik hasten, beraien jaioterrietarako gizarte hobea nahi izatetik baizik; alegia, munduari begira harreman eredu berri bat, eredu justuago bat, nahi izatetik. Eta hau ere jokaleku politikoa da guretzat.

Beste kontu bat da, jakina, hartu-eman horietaz gain, herri bakoitzak bere eredu propioa izateko duen eskubidea (eta, gauzak nola dauden ikusita, baita beharra ere, gaur inoiz baino gehiago). Hori Europar Batasunaren barruan ere gertatzen da, gezurra baita, esate baterako, eredu sozial bakarra dagoenik. Europa desberdin asko daude. Estatu batzuk besteak baino progresistagoak dira (kasualitatea al da progresistenak direnak ekonomikoki txukunago egotea?) eta, bestalde, batzuen ekonomietan egin diren sarraskiek protektoratu murriztaile gogorrak ekarri dituzte. Troikak kudeatzen dituenak, esate baterako. Baina hainbat estatuk, espainolak kasu, de facto-ko protektoratu horren aitzakia gizarte desorekatuagoak eta klasistagoak eratzeko erabiliz, agindutako murrizketak beraiek erabakitako sektoreetan aplikatu eta inposatu dituzte: hezkuntzan, osasunean... Horrela joan dira hedatzen, urte hauetan guztietan, eskuineko baloreetan eta printzipioetan geroz eta oinarrituago dagoen Europar Batasunaren kudeaketa. Hori Europako Parlamentura ere zabaldu da, eskuinak duelako gehiengoa. Eta hori ere gizartea eraldatzen hasteko borrokagune bilakatu da gaur, gure egunerokotasunean duen eragina ikaragarria delako eta eraldaketa horren alde egiteko prest dauden ezkerreko alderdiekin lan amankomuna garatzeko jokalekua ere badelako.

Herrien eta herritarren eskubideen defentsarako jokalekua ere badelako. Ez garrantzitsuena, jakina, baina inportantea bai. EH Bilduk orain dela aste batzuk Bilbon antolatu zuen topaketa horren lekuko garbia izan zen. Troikaren ordezkariekin antolatutako Spain Global Forumen aurrean gauzatutako ekimena herrien eta herritarren eskubideen bilgune bilakatu zen. Europako hainbat herrialderen egoerak erretratatzeaz gain, Troikak sinboliza dezakeen ereduaren kritika erradikala egin zen eta, horrekin batera, proposamenak egin ziren. Eztabaidagune izateaz gain, elkarlanaren bilgune bilakatu ziren EH Bilduk antolatutako topaketak. Hala, Europan gizartearen eraldaketari begirako lana eta herrien eta herritarren eskubideen aldeko borrokak lotuta daudela erakutsi zuen.