Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da bihar. Europan, zoritxarrez, eguneroko gaurkotasuna duenj gaia da hau, ez urtean behin bakarrik gogoratzen dugun zerbait.

Europar Batasunak ez du migrazio politika amankomuna, baina horrek ez du esan nahi gaur egiten duena baino askoz gehiago egin ez dezakeenik, eta egiten duen apurra askoz hobeto egin behar ez duenik. Estatu bakoitzak bere etxean nahi duena egiten du, gutxi gora behera, kontu hauetan. Eta Europar Batasunari estatuek gai honetan emaniko eskuduntzak ia erabat errepresiboak dira: Frontex horren adibidea da. Joera oso garbia da azken urteotan: mugak itxi, militarizatu. Eta itxitako mugek hil egiten dute, azken asteotan eta ia egunero ikusten dugun moduan, Ceutan edo Mediterraneoan. Estatu espainola eta frantsesa politika anker horien inplementazioaren adibiderik garbienak dira. Euskal Herrian bertan ere polizia ezberdinek makina bat sarekada arrazista egiten dituzte.

Estatuen portaera oso adierazgarria da. Ez dute benetako europar politika amankomunik nahi migrazioaren eta asiloarekin esparruan, baina Europar Batasuna erabiltzen dute, behin eta berriro, aitzakia bezala, migranteak itsasoan dozenaka hiltzen diren bakoitzean egiten duten moduan.

Testuinguru honetan, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin entzungo diren hitz potoloak faltsuak dira, arrazakeria sistema ekonomikoan eta politikoan txertatua baitago eta, gehiegitan, premisa faltsuetan eta interesatuetan errotuta. Ez dira, beraz, «inbasoreak», ez dira «ilegalak», ez dira «kriminalak». Baina hori guztia erabiltzen da beraien aurkako giroa sortzeko gizartean, eta, ondorioz, kriminalizatzeko.

Europak ezin ditu migranteak hartu komeni zaionean bakarrik. Politika hori arrazista, klasista eta utilitarista da. Eskubideak eta askatasunak unibertsalak dira eta Europar Batasunak herritar guztientzat bermatu behar ditu, europar zein migranteentzat.