Sailburuak PPren diskurtsoarekin bat egin du eta erakutsi du norekin hitzartu nahi dituen aurrekontuak Urkulluk. EH Bilduk ez ditu eskubide sozialak murriztea helburu duten planteamenduak babestuko.

Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabalek gaur eman dituen azalpenek pentsarazten dute Jaurlaritzak Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeko proposamen murriztailea ekarriko duela Legebiltzarrera, bere diskurtsoak helburu hori bera duen PPrekin bat egiten baitu. Are gehiago, oinarrizko errentaren zenbatekoa kalkulatzeko irizpidea Aurrekontuen Legearen bidez aldatu nahi duen heinean, “bistakoa da Jaurlaritzak 2017ko aurrekontuak PPrekin hitzartu nahi dituela, PP dela, eta ez beste inor, Urkulluk nahi duen konplizea murrizketen bidetik jarraitzeko”, Nerea Kortajarenak ohartarazi duenez.

Legebiltzarkideak azaldu du EH Bilduk murrizketarik gabeko aurrekontuak adosteko prestasun osoa duela, eta eskaintza hori oraindik indarrean dagoela berretsi du, “betiere argi utzita ez dugula ez onartuko ez babestuko eskubide sozialak murriztuko dituen edo jendea bazterrean utziko duen inongo proposamenik”.

@ehbildu_legebil