Attachments:
Download this file (EITB Birfundazio oinarriak.pdf)EITB Birfundaziorako oinarriak [ ] 86 kB

Egungo eredua desfasaturik dagoelakoan, EH Bilduk prestigioa itzuli nahi dio EITBri. Oinarriak aurkeztu ditu ezinbesteko eztabaida horri sakon eta berehala ekiteko. Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea proposatu du.

EH Bilduk EITBren birfundaziorako ardatzak aurkeztu ditu gaur, eta EITBren eredu berri bati buruzko eztabaidari heltzeko oinarriak barne biltzen dituen eta EAJ, Podemos eta PSEri jada helarazi dien agiriaren berri eman du. Jasone Agirrek eta Unai Urruzunok azpimarratu dutenez, “EITB berria proposatzen dugu, kalitatezkoa, euskalduna eta independentea”.

EH Bilduko legebiltzarkideen iritziz, “1982an EITB Sortzeko Legeak ezarri zuen eredua desfasaturik dago eta gaur ez die behar bezala erantzuten herri honek ikus-entzunezkoen sektorean dituen premiei”. Izan ere, Euskal Herria asko aldatu da orduz geroztik, gizartea bera aldatu da eta, komunikazio arloan bereziki, eboluzioa sekulakoa izan da, baina EITB atzean geratu da, gainbeheran. Hori dela eta, “EH Bilduk nahi du legealdi hau EITBren birfundazioaren legealdia izan dadila”. Horren haritik, azaldu dute Agirrek eta Urruzunok, “EITBren ereduari buruzko eztabaidari heltzea ezinbestekoa da, parte-hartzailea izan behar duen prozesu hori abian jartzea eta, luzea izango dela jakinda, 2022an EITBren 40. urteurrena EITB berrian ospatzea”.

“Etorkizuneko EITB denon artean definitu behar dugula” argi edukita, EH Bilduk eztabaida horrek izan behar dituen ardatzak, EITBren eredu berriak izan beharko lituzkeen oinarriak, mahai gainean ipini ditu. Koalizioaren iritziz, EITBren ezaugarriak hurbiltasuna, inpartzialtasuna, aniztasuna, objektibotasuna eta independentzia izan behar dira.

Agirre eta Urruzunoren esanetan, “unean uneko Gobernuarengandik independentea izateak emango dio prestigioa EITBri, EITB ezin delako izan Jaurlaritzaren eta Jaurlaritzan dagoen alderdiaren bozgorailua”. Horretarako, karrera profesionala garatzea behar-beharrezkotzat jo dute, “ildo editoriala zehazten duten profesionalak irizpide objektibo eta profesionalen arabera soilik izendatzeko, eta ez orain gertatzen den moduan, konfiantza politiko edo pertsonalaren arabera”.

Jakina, “EITBk euskalduna izan behar du. 1982ko Legearen arabera EITBren helburuetariko bat euskararen normalizazioa bultzatzea baldin bada, helburu horrek kanal eta atal guztiak busti behar ditu goitik behera; euskarak kanal eta atal guztiak busti behar ditu”.

EH Bilduko legebiltzarkideen ustez, lege marko berria behar da, EITBk motorra izan behar duelako ikus-entzunezkoen euskal industrian. Zehazki, Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legearen beharra planteatu dute, bai eta informazio agentzia publikoa sortzeko komenigarritasuna ere, “hurbiltasunean sakontzeko lagungarria” izango litzatekeelakoan. Azkenik, EITBren egiturari dagokionez, “orain arteko gestoreen sistemak iraulketa sakona behar du, plantilla estrukturala ere lehenbailehen zehaztuta”.

@ehbildu_legebil