EH Bilduren legebiltzarkide Eva Blancok agerraldi sorta eskatu du Gasteizko Legebiltzarrean, gripearen epidemiaz Osakidetza eta Osasun saila egiten ari den kudeaketaren inguruan hausnarketa egiteko. Horrela, ELA; LAB, CCOO, UGT eta SATSE sindikatuak, eta Osasun sailburu Jon Darponek azalpenak emango dituzte ganberako Osasun batzordean. Krisiaren kudeaketa nolakoa izaten ari den eta kudeaketa horrek erabiltzaileengan bereziki ze ondorio izan duen mahai gainean jarriko da EH Bilduren agerraldiei esker.

“Agerikoa da egoerak gainditu egin duela osasun zerbitzu publikoa eta ondorioak herritarrok ordaindu dituztela, ez dutelako merezi duten arreta jaso. Aldiz, sailburuak hartu duen bidea harrokeriara jotzea izan da. Sindikatuen aurka egin du eta errealitatea ukatu du. Harrokeria hori eta bere ondorioak ez dituzte herritarrek ordaindu behar”, salatu du Eva Blancok.

Agerraldi hauen helburua da agerian uztea “Osakidetzak murrizketak pairatu dituela eta horiekin bukatzea ezinbestekoa dela”. “Hauek dira murrizketen ondorioan, argi eta garbi. Autokonplazentzia, autokritikarik ez egitea eta errealitatea ezkutatzeak ondorio negatibo nabarmenak ditu. Krisia horrela kudeatzeak ez gaitu inora eramaten. Beharrezkoa da Osakidetzako eragileekin hitz egitea, etorkizuneko perspektibarekin lan egitea eta giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak jartzea hurrengo krisiak horrela ez gaitzan harrapatu”.

Horrez gain, EH Bilduk hainbat ekimen erregistratu ditu gabon sasoian lan egin duten profesional kopurua zein izan den jakiteko eta itxi diren oheak zenbat izan diren ezagutzeko.

@ehbildu_legebil