Parlamentuak EH Bilduren proposamena onartu du eta zentral nuklearra ixteko prozesuan lehen aldiz parte interesatu gisa agertuko da, Mikel Oterok azpimarratu duenez.

PPk izan ezik, talde parlamentario guztiek babestu dute gaur EH Bilduren legez besteko proposamena eta Legebiltzarrak helegitea aurkeztuko du Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzea ahalbidetzen duen Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (CSN) ebazpenaren aurka, aipatu ebazpena bertan behera uzteko. Mikel Oterok azpimarratu duenez, “Gasteizko Parlamentua lehen aldiz agertuko da, beraz, parte interesatu gisa zentrala ixteko prozesuan, euskal herritarren gehiengo zabalaren borondatearekin bat eginda”.

EH Bilduk proposatu bezala, CSNren ebazpena inpugnatzeaz gain, Legebiltzarrak Garoña zabaltzeko baimena ez emateko eskatu dio Gobernu espainolari, kontrakoa “arrisku larria eta onartezina litzatekeelako”, eta Espainiako Energia Ministerioaren azken erabakiaren aurka ere joko du, erabakia zentrala berrirekitzearen aldekoa baldin bada.

Legebiltzarreko zerbitzu juridikoen lana eskertu ondoren, Oterok PPren diskurtsoa kritikatu du. Salatu duenez, PPk dio Rajoyren Gobernuak ezin dituela zentralaren jabegoa duten enpresen eskubideak urratu edo mugatu, baina horrek, finean, esan nahi du Garoñari buruzko erabakia enpresen esku bakarrik utzi behar dela. “Diotenez, Gobernuak ezin ditu enpresen eskubideak urratu, baina orain arte egin duena, hain justu, herritarren eskubideak urratzea izan da”.

@ehbildu_legebil