Istripuak iaz gertatu ziren, udan, zentral nuklearraren eraiste lanetan, baina orain arte ez dira ezagutzera eman. Mikel Oteroren iritziz, larria da gardentasunik eza eta ezbaian jartzen du eraisketa-prozesua gainbegiratzeko sortu zen instituzio arteko batzordearen lana.

Garoñako zentral nuklearraren eraiste lanen jarraipena egiteko 2017an Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta tokiko erakundeek sortu zuten instituzio arteko batzordearen agerraldia eskatu du Mikel Oterok Legebiltzarrean. “Organo hori EH Bilduren ekimen bati jarraituz eratu zen, baina bere lana ezbaian dago guztiz, orain arte ez dugulako jakin 2018ko udan Garoñan hiru istripu jazo eta material erradiaktiboa isuri zela. CSNk zabaldu du istripu horiei buruzko informazioa duela egun gutxi eta larria da euskal erakundeek osatutako batzordeak horretaz ezer ez jakitea. Eta baldin bazekien, are okerrago, informazio garrantzitsua ezkutatzeagatik. Kasu batean zein bestean, organo horren utzikeria bistakoa da eta bere funtzioa zalantzan dago; hori horrela, azalpenak eman behar ditu ezinbestean Legebiltzarrean, istripu horien inguruan izan dezakeen informazioa partekatzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, “kezkagarria eta salagarria da Garoñan egiten ari diren eraiste lanen inguruko gardentasunik eza, eta argi dago instituzio arteko batzordearen jardunak ez dela balio izaten ari opakutasunaren arazoa konpontzeko”. Izan ere, “onartezina da 2018ko udan hiru istripu gertatzea eta horren inguruko informaziorik ez zabaltzea 2019ko otsailera arte”. Zehazki, CSNk emandako informazioaren arabera, uztailaren 20an izan zen lehen istripua: eraikin batetik bestera mugitzen ari ziren iturri erradioaktibo bat lurrera erori eta berunezko ontzitik atera zen barruan zegoen zesio-137ko kapsula, hau babesten zuen beira ere apurtuta. Abuztuaren 2an 50 litro lokatz erradiaktibo isuri ziren eta, azkenik, 15 egun geroago lokatz erradiaktiboa isuri zen berriro ere.

@ehbildu_legebil