Attachments:
Download this file (Autogobernu Proposamena.pdf)Autogobernu Proposamena.pdf [ ] 2803 kB

EH Bilduk Euskal Estatua sortzeko oinarriak aurkeztu ditu Legebiltzarrean eta subiranotasun soziala aldarrikatu du, burujabetza osoak bakarrik ahalbidetzen duelako jendeak egunero dituen beharrei erantzun egokia ematea.

EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politiko berri baterako proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, Autogobernuari buruzko Lantaldean eztabaidatzeko. Unai Urruzunok azaldu duenez, “egungo egitura autonomikoak instituzio burujabe bilakatzea proposatzen dugu, Euskal Estatua eraiki arte, hala erabakitzen badu, libre eta demokratikoki, jendarteak”, hori, burujabetza osoa eskuratzea, “bide bakarra baita herritar guztien ongizatea babesteko eta bermatzeko”.

Horren haritik, Urruzunok azpimarratu du EH Bilduk “subiranotasun soziala” aldarrikatzen duela. “Subiranotasun sozial baten aldeko apustua egiten dugu pertsona guztiei, batez ere egoera okerrenetan bizi direnei, bizi baldintza duinak eta ongizatea bermatzeko”. Izan ere, “gaur egun Estatu espainolarekiko dugun harremana menpekotasunean oinarritzen da, eta ez du ahalbidetzen ez euskal jendartearen beharrak modu egokian asebetetzea, ez etorkizuneko erronkei aurre egitea. Hori egunero ikusten dugu Madriletik han hartutako erabakiak inposatzen saiatzen direnean euskal gizartearen borondatearen aurka. Hor ditugu, adibide batzuk aipatzearren, lan erreforma, pentsio kaskarrak, gutxieneko soldata penagarria, LOMCE legea, ingurumen arloko politika... Bistan da, beraz, menpekotasunak lan, gizarte eta ekonomia eskubideak galtzea ekarri eta ekartzen duela. EH Bildun argi dugu ezin dugula horrela jarraitu; ezin dugu arlo sozialean, ekonomikoan eta politikoan gure herriaren garapena eta hazkundea mugatzen duen marko bat ontzat eman”.

Menpekotasun egoera hori gainditu eta “burujabetza osoa nahi dugu”, adierazi du Urruzunok, “herritarren oinarrizko beharrizanak benetan asetzeko behar diren tresna guztiak edukitzeko, betiere lehentasunak argi ezarrita. Finean, estatus politiko berria behar dugu eguneroko kontuak konpontzeko, jendeak egunero-egunero dituen beharrei erantzuteko, eta hortxe kokatzen ditugu lehentasunak: pentsioak igotzea Gizarte Segurantza sistema propio baten bidez, gutxieneko soldata duina ziurtatzea lan harremanetarako esparru propio batean, politika propioak enpleguan, industrian, ekonomian, finantzetan, hezkuntzan, hizkuntzan, osasunean, justizian, azpiegituretan...”.

EH Bilduren iritziz, “egun indarrean dagoen marko estatutarioak ez du balio ez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriak dituen beharrak asetzeko, ez eta etorkizunari begira dituen erronkei aurre egiteko ere”. Egiaztapen hori abiapuntutzat hartuta, koalizioaren proposamenak ezinbestekotzat jotzen du “euskal jendartearen subiranotasunaren aitortzan oinarritutako estatus politiko berri batera joatea”, baina hori, Urruzunok ohartarazi duenez, “ez da posible izango Estatu espainolean, Madrilen inoiz ez dutelako Euskal Herria nazio gisa aitortuko”. Hortaz, erantsi du, “aldebikotasuna ezinezkoa da eta, beraz, alde biko harreman posible bakarra, berdinen artekoa, Estatutik Estatura izango da; hau da, gure burua Estatu espainoletik kanpo kokatuta”.

@ehbildu_legebil