Urko Aiartza senataria Colombianas y Colombianos por la Paz-eko ordezkaritza batekin elkartu da gaur Madrilen, bake elkarrizketak hasteko bertako gobernuak eta FARC-ek egin duten iragarpenaren ostean sortu den egoera berria aztertzeko. Era berean, elkarrizketa horiekin bat egiteko ELN-k hartu duen erabakia aztertu dute.

Amaiurrek oso positibotzat jotzen du Bogotako gobernuak eta FARC-ek, hainbeste urtetako gatazka bi aldeen errekonozimenduaren, elkarrizketaren eta negoziazioaren bitartez konpontzeko hartu duten erabakia. Nazioarteko esperientziak erakusten duenez, hori da gatazkak konpontzeko bide bakarra. Horregatik, bake prozesuan sortu litezkeen zailtasun eta oztopoak gainditzeko esperientzia hori baliatu dezatela dei egiten die Amaiurrek bi aldeei. Horrezaz gain, bake prozesuak nazioartetik jaso duen babesa txalotzen du Amaiurrek. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Norvegiak, Kubak, Venezuelak eta Txilek eskaini duten laguntza.

Eta aipagarria da ere bai prozesua babestuz Espainiako gobernuak egin duen adierazpena. Amaiurrek jarrera hori txalotzen du baina Euskal Herriarekiko duen jarreran hausnarketa sakona egin beharko lukeela deritzo. Era berean, Kolonbiako gizarte eragile eta politiko askotatik konbergentzia eta batasuna bultzatuz egiten ari diren lana txalotzen dugu. Horiei guztiei bi norabide horietan sakondu dezatela dei egiten diegu prozesuaren bukaeran gizartearen gehiengoa izan dadin bake iraunkor eta justua bere egingo duena.  

Amaiurren ustez ezinbestekoa da Kolonbiako bake prozesuaren aldeko babesa indartzea. Euskal Herriaren eta Kolonbiaren arteko lotura eta harreman historiko, politiko eta ekonomikoei esker, ziur gaude euskal gizarteak bere babes osoa eskainiko diola Kolonbiako herriari.

@ehbilducongreso