Euskal Herrian atzo izandako greba orokorrean poliziak izandako jarreraren aurrean, hauxe azaldu nahi du Amaiurrek:

1. Inondik inora ere ezin daiteke justifikatu, Hego Euskal Herrian dauden polizia batzuk zein besteek, greba orokorraren harira antolatutako ekintzetan parte hartzen ari zirenen kontra izandako jarrera oldarkorra.

 2. Atzo, hautetsien, kazetarien, langileen zein adingabeen kontra gogor oldartu zen polizia. Hauek eraso guztiak onartezinak direla badakigun arren, bereziki salatu nahi dugu Sabino Cuadra gure diputatuak jasotako tratua. Espainiako Poliziak diputatu baten kontra ere egin zuen.  

3. Aipatzeko modukoa da Iruñean poliziak muturreko bortxakeria erabili zuela. Ez da kasualitatea. Aurreko greba orokorrean ere berdina egin zuten. UPNk eta PPk Nafarroako herritarren haserrea eten gura dute nola edo hala. Nafarroa oraindik ere estatu-auzia da.  

4. Ertzantzak, Foru Poliziak eta Espainiako Poliziak pertsonen osotasuna eta bizitza arriskuan jartzen dituzten arma arriskutsuak erabili zituzten. Ez dirudi Iñigo Cabacasen heriotzak zer pentsaturik eman dienik PP, UPN eta PSOEri. Hiru alderdi horiek iraganean iltzatuta jarraitzen dute.  

5. Poliziak Euskal Herriko langileen kontra erabiltzen duen indarkeria guztiak ez du balioko gure lan eta gizarte eskubideak defendatzeari utz diezaiogun; ezta ekonomia eta gizarte eredu berriak sor ditzagun ere.  

6. PP, UPN eta PSOEri dei egiten diegu iraganeko ajeak utzi eta Euskal Herrian bizi dugun egoera berriari ekarpen positiboak egiteko. Euskal gizarteak indarkeriarik gabeko bake garaiaren beharra du.  

7. Amaiurrek bere atxikimendua eman nahi dio urriaren 12an, Iruñean, “Barcina-Morras-Alba dimisión! Utzi bakean langileria! Gastos policiales para escuelas y hospitales!” lemapean egingo den manifestazioari.

@ehbilducongreso