{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/10/EUSK-Inarritu-Wert-1.mp3{/audio}

Jon Inarritu diputatuak, komunikabideei eginiko adierazpenetan adierazi du Espainiako hezkuntza ministroaren adierazpenek bere Gobernuaren pentsaera “antidemokratiko, atzerakoi eta kolonialista” agerian uzten dutela. Amaiurreko diputatuak gehitu duenez “hezkuntza ez da identitatea aldatzeko, hezteko baizik”.

Era berean, Inarrituk adierazi duenez, azken egunotan Espainiako gobernutik egindako adierazpen guztiak “aurretiaz prestatutako programa edo estrategia” baten barne kokatzen dira. Amaiurreko diputatuaren arabera, horren “adibide garbia” da hezkuntza curriculuma aldatzeko Gobernuak hartu duen erabakia.

“Berzentralizazio eta espainiolizazio prozesu baten aurrean gaude”, esan du Inarrituk. Testuinguru honetan, Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duten eskubidea ez onartuz azken egunotan Espainiako gobernutik egin diren adierazpenak salatu ditu diputatu subiranistak.

“Noiz eta Europako Batasuneko kide den Erresuma Batuak, normaltasun osoz, galdeketa demokratiko bat egitea adostu duen Eskoziarekin”, esan du Inarrituk. “Ofentsiba identitarioa bertan behera utzi” eta “Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteei euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea” utz diezaiela eskatu dio Amaiurrek Espainiako gobernuari.

@ehbilducongreso