Arnaldo Otegik EH Bilduk BECen antolatutako ekitaldian parte hartu zuelako jaso duen zigorraren aurrean, hauxe esan nahi du Amaiurrek:

1. Arnaldo Otegi zigortu egin dute: bisitarik gabe utzi dute. Neurri horrek erakusten du espainiar estatuak beldurra diola ideien adierazpen askeari; batez ere, ideia horiek Espainia handi eta bakarraren ideiarekin bat egiten ez dutenean.

 

 

2. PPren Gobernuak Euskal Herrian zabaldutako prozesuari lotuta ezer egiten ez duen egun bakoitzak erakusten digu estatuaren ahuldadea. Ez baita gai hamarkadetan iraun duen sufrimendua eta inposaketa atzean utziko duen prozesu demokratikoari eusteko. 3. Euskal jendarteak hain desio duen bakea lortzeko egiten den edozein iniziatibaren kontrako mendeku politikak abiatzen ditu Raxoiren Gobernuak, eta Arnaldo Otegiri ezarritako zigorra mendeku bat gehiago da. 4. Arnaldo Otegik itxaropen aldi berriari egindako ekarpena ezin daiteke zalantzan jarri, eta espainiar estatuak ez dio hori barkatu. Horregatik PPk ardurarik gabe erantzun dio haren mezuari; umeen kasketa baten pareko erantzuna emanez. 5. Konponbide garaia da. Euskal jendartean sufrimendu eta haustura handia eragin duen gatazka amaitzeko garaia da. Ordua da Espainiako Gobernua eta Alderdi Popularra egoeraren neurrira jar daitezen, eta frogatu egin behar dute, gai direla gorrota baztertzeko, behin betirako bakearen aldeko apustua eginez.

@ehbilducongreso