{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/10/Korte-Errekondo-Aurrekontuak.mp3{/audio}

Xabier Mikel Errekonodo, Amaiurrek Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozemaileak Cristobal Montoro ogasun ministroaren “hitz politak” kritikatu ditu ez dutelako “errealitatearekin” bat egiten.

Komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan Errekondok adierazi du “Espainiako gobernuak defizita eta zorra dituela helburu” eta hori, bere esanetan, “akats larria da aurrekontuok ez dutelako krisitik irteteko balio”. Are gehiago, diputatu subiranistaren hitzetan Mariano Rajoyren gobernuak 2013rako prestatu dituen aurrekontuak “ez dira eraginkorrak krisi ekonomikoari aurre egiteko eta gizarte krisia eta krisi instituzionala areagotuko dute”.

Bere ustez, aurrekontuok “atzeraldia eta langabezia tasa handitu eta eredu sozioekonomiko gero eta neoliberalagoa ekarriko dute”. Errekondok gehitu duenez gainera, 2013ko aurrekontuek “ez dute Euskal Herriaren errealitate politiko eta ekonomikoa kontuan hartzen”. Ildo horretan, Amaiurreko bozemailearen arabera aurrekontuek “egungo eredu politiko eta juridikoa” indartzen dute eta “eredu hori agortua dagoela” esan du Errekondok. Bere esanetan Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek “ezetz esan diote eredu politiko-juridiko horri indar abertzaleen aldeko apustua egin eta indar konstituzionalista eta unionistak zigortu dituelako”.

Diputatu subiranistak adierazi duenez, “hauteskundeok errealitatearekin bat datorren mapa politiko berria marraztu dute EAEn, nahiz eta azken urteotan, PSOEk eta PPk errealitate hori desitxuratzen ahalegindu diren”. Errekondok gogoratu du ere bai, hauteskundeen emaitzen ostean Eusko Legebiltzarraren bi heren abertzaleak dira eta parlamentari guztien heren bat “argi eta garbi subiranistatzat dute euren burua”. Horregatik guztiagatik, Amaiurreko bozemaileak Alderdi Popularrari esan dio “Euskal Herrian marrazten ari den argazki berria tentuz aztertu dezala, izan ere, Ebrotik hegoaldera ez bezala, Euskal Herrian hirugarren eta laugarren indar politikoak baitira Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularr, hurrenez hurren”. Bere ustez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar politikoak saritu eta indar konstituzionalista eta unionistak zigortu ditu”.

Eta Nafarroan ere, “laster” gauza bera gertatuko dela iragarri du. Bukatzeko, Errekondok adierazi du “atzerabiderik ez duen prozesua” hasi duela Euskal Herriak eta nabarmendu du ezkerreko indar subiranistek ez dutela etsiko euskal herritarrek euren etorkizuna askatasunez erabakitzeko aukera izan arte.

@ehbilducongreso