UPN-PPk Nafarroan ezarri nahi duten Hezkuntza eredua erabat ATZERAKOIA da. UPN-PPren hezkuntza politika hiru zutaberen gainean oinarritzen da: 1/herritarren oinarrizko eskubideen ukazioa, 2/ “Navarra Foral Y Española”ren inposaketa curriculumaren bitartez, Nafarroaren historia eta identitatea gorde eta desitxuratuz; eta 3/ OPUSen moduko gutxiengo elitista batek bultzatuta Hezkuntza pribatuaren alde egiten den diskriminazioa.

UPN-PPren ereduak oinarrizko eskubideak urratzen dizkie milaka nafarrei: lurralde osoan eta hezkuntza etapa guztietan euskaraz ikasteko eskubidea, 0-3tik hasi eta Unibertsitatera arte, Lanbide Heziketatik pasata; pertsona etorkin guztiek aniztasun kulturalaren aitortzan oinarritutako kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea, eta, azken batean, gizarte osoak Hezkuntza Publiko integral eta integratzaile bat jasotzeko eskubidea. UPN-PPren hezkuntza eredua Esperanza Aguirrek Madrilen egiten duenaren kopia hutsa da, ezberdintasun bakarra Nafarroan UPN-PPk PSNren babes osoarekin aplikatzen duela da.

Gainera, krisi ekonomikoaren aitzakiapean, UPN-PP sekulako murrizketak egiten ari da Hezkuntza Publikoan, honen etorkizuna kinka larrian jarriz.

Iribas jauna, UPN-PPko jaun-andreak, Nafarroako kaleak “Navarra habla” leloarekin betetzen ari zarete. Bada, Hezkuntza Komunitateak hitz egin du jada, Nafarroak hitz egin du jada eta argi eta garbi esan dizuete hezkuntza politika aldatu behar duzuela, Hezkuntzara baliabide gehiago bideratu behar dituzuela. Egin ezazue zuen leloak dioena eta egin kasu behingoz Nafarroak eskatzen duenari.

Ez diezagutela esan krisian gaudela eta honetarako dirurik ez dagoela. Guk geuk eman ahal dizkiegu hezkuntzara bideratzeko ehundaka milioi euro lortzeko hainbat ideia. Adibidez, AHTan gastatu nahi dituzten 134 milioiak hezkuntzara bideratu ditzatela, edo has daitezela pentsatzen ez daukala inolako zentzurik Kupoaren bidez Nafarroan inolako zentzurik ez duen Espainiako Administrazioa mantentzeko gastuei aurre egitea.

Nafarroak bestelako hezkuntza eredu bat behar du, Madrilekoen fotokopia izango ez den eredu bat. Hemen pentsatutako eredu bat, hemen erabakitakoa, eta hemengo herritarren beharrei erantzungo diena.

Nafarroak asko du jokoan A-20an. Herritarrek aukeratu egin behar dute,“Navarra habla” delakoarekin ahoa bete eta ondoren guztiz kontrakoa egiten dutenen alde; edo Madrilera nafarren eskubideak defendatuko dituen Amaiurren alde egitea

@ehbilducongreso