{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/10/Korte-Errekondo-energia-iraunk-neurri-fiskal.mp3{/audio}

Amaiurreko bozemaileak industria ministroari galdetu dio zerga berriarekin jasoko duen dirua Garoñako eskualdea biziberritzera bideratuko duen ala ez.Koalizioak energia garbien aldeko defentsa egin du Kongresuan eta Espainiako gobernuari leporatu dio energia fosilen aldeko apustua egitea eta beraz, berriztagarriak alde batera utziz atmosfera kutsatzen jarraitzea.

Xabier Mikel Errekondo, Amaiurrek kongresuan duen bozemaileak gogor kritikatu du energia iraunkorrei Espainiako gobernuak jarri nahi dien zerga berriaren lege proiektua. Bere esanetan, %6ko zerga “berdintasun printzipioaren aurkakoa” da, besteak beste, energia ekoizle orok “portzentaje bera ordaindu beharko duelako, kutsatu ala ez, mundu mailako holding-a izan ala autonomoa izan”. Errekondoren arabera, zerga-bilketa “odoltsua” baino ez da PPren gobernuak onartu nahi duena, “kontsumitzaileak ordaindu beharreko prezioa garestituko duena, energia garbia ekoizten dituzten enpresak itxi araziko dituena eta karbono ondorengo gizartetik urrunduko gaituena”. Bozemaile subiranistak gogoratu duenez, espainiar estatuan %35eko energia-soberakina dago baina energiaren %80 inportatzen da, horregatik eredu hau “zaharkitua” dagoela uste du Errekondok. Ildo horretan, energia burujabetzari uko egin izana leporatu dio Amaiurreko diputatuak Espainiako gobernuari. Errekondok energia sektore “garbia” defendatu du, berriztagarrien aldeko apustua egin eta iraunkorra izango dena. “Euskal Herriak burujabe izan behar du, baita energiaren alorrean ere. Gure herriak etorkizunera begiratu eta ama lurrarekiko errespetua erakutsiko duen herria eraiki behar dugu”, esan du Amaiurreko bozemaileak. Koalizioak ezezko boza emango dio energia iraunkorrei zerga berria ezartzeko Espainiako gobernuak onartu nahi duen lege proiektuari.

@ehbilducongreso