Europako Batasunak jaso duen Bake Nobel saria dela eta, Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak Rajoyri erantzun dio esanez sari horren hitzak bat datozela "guztiz" Aieteko Adierazpenaren hitzekin. Horregatik, "adoera" izan eta "behingoz" euskal gatazka politikoari heldu diezaiola eskatu dio Espainiako presidenteari.

Ildo horretan, Rajoyri eskatu dio gatazkaren "alor teknikoak" negoziatu ditzala alderdi politikoak akordio politikoez arduratuko direlako. Larreinak argi utzi du ezkerreko indar subiranistek giza eskubideen, injustizia guztien konponketaren eta akordio barneratzaileen alde tinko jardungo dutela.

Europako goi bilera

Europako Kontseiluaren azken bileraren harira, jendeari interesatzen zaizkion gaiak bertan aztertu ez izana kritikatu du Amaiurreko diputatuak. Bere esanetan bankuen, merkatarien eta espekulatzaileen interesak soilik aztertu zituzten.

Goi bilera horretan izan ez zena "Europa soziala" izan zela adierazi du Larreinak eta Espainiako gobernuari leporatu dio Europa Estatuen interespean dagoen egitura legez ulertzea. Are gehiago, urriaren 18 eta 19an egin zen goi bilera hartan hartu beharreko erabakiak atzeratzea aurpegiratu dio Rajoyri diputatu subiranistak.

Haratago joan da Larreina eta Rajoyri eskatu dio Alemaniako bankuak ez erreskatatzeko esan diezaiola Merkeli, bere esanetan, finantza erakunde horiek direlako espainiar estatuko bankuen hartzekodun nagusiak.

Europako Banku Zentrala

Euskal diputatuaren arabera Europako Kontseiluaren azken bileran "botere kotetara" mugaturiko eztabaida "burokratiko" bat baino ez da egon. Are gehiago, bere ustez bertan izan zirenek ez zuten arazoaren sustraietara jo, hau da, ez zuten Amerikako Estatu Batuetako erreserba federalak dituen eskuduntzak izateko BZE-k egin beharko lukeen prozesuaz hitz egin.

Larreinak kritikatu duenez gainera, hazkundearen eta enpleguaren itunaz ez zuten "ezer" zehaztu eta gehitu du gai honi buruz Europak ematen dituen aholkuei muzin egiten diela Espainiako gobernuak "kontrako erabakiak" hartuz.

@ehbilducongreso