Etxe kaleratzeak gelditu asmoz datorren ostegunean Espainiako kongresuak onartuko duen Gobernuaren lege dekretua dela eta eztabaida horretan izango dugun jarrera azaltzeko komunikabideen aurrera agertzea erabaki dugu.

Lehenik eta behin, dekretu hau prestatu eta onartzeko Mariano Rajoyren gobernuak izan duen urgentzia nabarmendu nahi dugu. Presaka eta gaizki. Arazo estruktural bati irtenbiderik ematen ez dion izaera koiunturaleko adabaki edo petatxu baten aurrean gaude. Ez du hipoteka legea ukitzen, dekretuak ez du atzera eraginkortasunik eta etxebizitza eskubideak bermatu gabe segitzen du.

Bigarrenik, banketxeak dira jokoaren arauak zehazten dituztenak eta beraz, lege dekretuaren edukia baldintzatzen dutenak. Hau da, bankuen interesei dagokien lege bat da. Orain arte estatu osoan 400.000 hipoteka gauzatu eta 185.000 kaleratze baino gehiago burutu dituzten banku horien mesederako egina dagoen legea da.

Berdugoa da arauak zehazten dituena. Bitartean, biktima diren herritarrak finantza entitate horiek inposaturiko irizpideak betetzera beharturik daude. Lege dekretu honen bidez, finantza botereen aldeko apustua erabatekoa dela baieztatu du Alderdi Popularrak. Herritarrak alde batera utzi ditu berriz ere. Hain zuzen, etxe kaleratzeak eta bankuen gehiegikeriak nozitzeko hautagai potentzialak diren herritarrak, hau da, gizartearen gehiengo zabalak, babesik gabe segitzen du.

Eta hala ere, Alderdi Popularrak ez du lotsarik beste proposamen batzuk aztertzeko prest dagoela esateko baina... demagogiarik egin gabe dio. Hemen demagogia egiten duen bakarra Espainiako gobernua da. Bere zinismoak ez du mugarik.

Alderdi Popularrak indarrean jarri dituen legeei esker, mozkinak murrizten ari zaizkiela ikusten duten enpresariek, edo besterik gabe, etorkizunean galerak izateko susmoa dutenek, langileen soldatak murriztera, kontratuak bertan behera uztera eta euren lantokietatik kaleratzera baimendurik daude. Bestalde, diru sarrerak murrizturik ikusten dituzten familiak ez daude zorren ordainketa etetera baimenduak, ez eta bankuak "kaleratzera" ere. Horixe da PPren justizia. Bankuak babestu eta herritarrei aldiz, etxe kaleratzea eskaini.

Aurrerago esan dugu lege dekretu honek ez dioala arazo estruktural bati erantzuten, etxebizitzarenari alegia. Urgentziazko neurri bat da soilik. Alderdi Popularrak ez du inondik inora ere espekulazioan oinarrituriko eredua zalantzan jartzen. Ez du lurzoruaren legea ukitzen, ez alokairuarena, ezta hipotekarena ere. Azken hau, gogora dezagun, duela mende batetik indarrean dagoena.

Alderdi Popularra herritarren bizkarrera ari da barre egiten. Arazo tekniko baten aurrean gaudela sinetsi arazi nahi digu. Arazoa ez da teknikoa; politikoa eta soziala baizik.

Behin baino gehiagotan esan dugu eta ez gara errepikatzeaz nekatzen. Espainiako gobernu guztiek (PSOE zein PP boterean izan direnean) adreiluan eta espekulazioan oinarrituriko eredu ekonomikoa bultzatu dute. Eredu horrek etxebizitzaren arazoa larriagotu besterik ez du egin. Ez dugu zalantzarik eredu hori dela hein handi batean, milaka herritar euren etxeetatik kaleratu arazi dituenak edo eta beste milaka pertsona arrisku hori pairatzera bultzatzen dituena. Politika horiek arazoa larriagotu egin dute. Beraz, pertsonak bankuen gainetik jarriko dituen bestelako eredua da irtenbide bakarra.

Estatuko aurrekontu nagusiak horren adibide garbia dira. Etxe kaleratzeen arazoa benetan konpontzea bazen PPren helburua aurrekontu ezberdina egin zezakeen. Sozialagoak egin zitzakeen. Edo eta besterik gabe, hipoteka legea goitik behera aldatu. Gogora dezagun lege hori erabat injustua eta Europako irizpideen aurkakoa dela.

Guk Euskal Herrian, eredu sozioekonomikoaren aldaketaren beharra mahai gainean jarri dugu. Eta bide horretan, egunez egun, proposamen berrietan gauzatzen diren ideiak sortzen ari gara. Hain zuzen, etxebizitza politikan errotiko aldaketa proposatu eta alokairu sozialaren aldeko hautua egin dugu. "Etxebizitza Institutu Publikoa" sortzea irtenbide ona izan daiteke hustutako etxebizitzei erabilpen egokia eskaini eta beraz, arazo larri horri irtenbidea emateko. Era berean, gai honen inguruko eztabaida sakona egitera deitzen ditugu eragile sozial, politiko eta sindikalak.

Euskal Herritik Euskal Herrirako proposamena da hori. Hori bai, gure herriarentzat nahi ez duguna ez dugu beste herrientzat nahi.

Horregatik guztiagatik, indarrean dagoen eredu sozioekonomikoa errotik aldatzera bideraturiko proposamen serio, errealista eta zintzo oro babesteko prest gaude. Eta eredu sozioekonomikoaz ari garenean finantza ereduaz ere ari gara, azken batean, etxebizitzaren arazoa estu loturik baitago horrekin.

@ehbilducongreso