Diputatuen Kongresuan Amaiurren bozeramaile Xabier Mikel Errekondok Espainiako Gobernuari eskatu dio Aieteko Adierazpeneko bigarren puntuari erantzun bat eman diezaiola; hau da, ETArekin elkarrizketak hasi ditzala, gatazkaren ondorioez hitz egiteko.

Errekondok esan du Espainiako Gobernuak bakeari beldurra dion "irudipena" duela. "Bide horretatik euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen etsai bihurtuko zarete", adierazi dio Jorge Fernández Díaz barne ministroari. Izan ere, CISen inkesta baten arabera, euskal gizartearen % 78 Espainiako Gobernuaren eta erakunde armatuaren arteko elkarrizketaren alde dago.

Amaiurreko bozeramaileak gogorarazi dio Ministroari, nola Aieteko Adierazpena sinatu zuten eragileek gaizki ikusi dutela Espainiako Gobernuak oraindik egindako eskaerari baiezko erantzunik eman ez izana. Aitzitik, ETAk Aieteko Adierazpenari erantzun egokia eman ziola esan dute, presoei, armak uzteari, desmilitarizazioari eta biktimei buruz hitz egiteko agenda proposatuz. "Gatazkaren konponbidea, desberdinen arteko elkarrizketatik etorriko da", gaineratu du.

Kolonbiako Gobernuak FARCekin negoziaketak hasi dituenean erakutsitako ardura azpimarratu du Errekondok eta Fernándezi esan dio Espainiako Gobernuak beren beregi eman ziola babesa Kolonbiako bake prozesuari.

"Euskal Herriko eta Kolonbiako gatazka gauza bera dira. Zuek estatu-gatazka bat duzue; beraz, zuen herrian arazo bat dago, eta Juan Manuel Santosek egin bezala, zuek ere konponbidea aurkitu behar diozue arazo horri", esan du Errekondok. Haren ustez, Espainiako Gobernuaren "betebeharra" da justizian oinarritutako bakea lortzea euskal gizarte osoaren eskubide zibilak, politikoak eta giza eskubideak bermatuz.

Bozeramaile subiranistak guztiontzako bake justua betirako nahi duela esanez amaitu du, eta Esapiniako Gobernuari ausarta izateko eta egoerari dagokion mailarekin erantzuteko eskatu dio. Turkiako eta Kolonbiako Gobernuek berriki egin duten moduan.

@ehbilducongreso