Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluari aipamena eginez, Sabino Cuadrak azpimarratu du, hemen, inongo irabazirik eskuratu gabe, kalteak ordaintzen dituena "komunitatea" dela. Amaiurreko diputatuaren arabera, kalte horiek eraikuntza zein higiezinen enpresen espekulazioaren ondorioz sortu dira, eta zinegotziek eta autonmietako sailburuek arnasa eman die.

Cuadrak PPren Gobernuari leporatu dio Bankuen "esanaren menpe" egotea; izan ere, Rajoyren Gobernuak lege dekretu hau onartu baino egun batzuk lehenago, bankuen elkarteak bere baldintzak ezarri zituen. Etxe kaleratzeak bertan behera utzi ordez, bi urtez atzeratzea, eta neurri hori muturreko kasuetan bakarrik aplikatzea izan dira baldintza horietako batzuk. Gainera, Hipoteken legea ez da ukitu ere egin. "Bankak hitz egin du, eta Gobernuak amen eginez erantzun dio. Jaungoikoaren hitza", amaitu du diputatu subiranistak.

Luis de Guindos Ekonomia Ministroari bere "agintariengana" zuzentzeko eskatu dio Cuadrak. Hau da, bankuengana joan dadila eta esan diezaiela bankuak direla etxe-kaleratzeen ondorioz izan diren heriotzen erantzuleak. Cuadraren arabera, Alderdi Popularraren Gobernuaren gizarte politikak jendea "txiroagotzeaz" gain, "babesik gabe" uzten du.

Etxebizitzaren Elkarte Publikoa

Diputatu euskaldunak Euskal Herrian EHBilduk egin duen proposamena gogorarazi du: Etxebizitzaren Elkarte Publikoa sortzea. Elkarte horrek Bankuari %50 eta %60 arteko balioa jaitsiz, jendeak ordaindu ezin dituen hipotekak bere gain hartuko lituzke, eta jendea kaleratu beharrean, galdu duten etxea alokairu sozialean emango lieke. Beti ere, irabazten dutenaren % 15etik beherako errentan.

"Konponbide sakonak behar dira, eta ez adabakiak", esan du Amaiurreko kideak, eta Hipoteken legea, Landa Errendamenduen Legea eta Lurzoruaren Legea goitik behera aldatzeko beharra azpimarratu du. Horrek ekarriko duelako, Cuadraren esanetan, Etxebizitza Eskubidea "irabazteko interesen" eta "espekulazioaren" gainetik egotea. Cuadrak hutsik dauden etxebizitzei zerga progresiboa ezartzea defendatu du, baita luzaroan hutsik daudenak desjabetzea ere. Horrek bideratuko lukeelako Etxebizitzaren Banku Publikoa bultzatzea.

Espainiako Konstituzioa

Gogor kritikatu du Espainiako Konstituzioa Cuadrak. Haren arabera, 47. artikulua "gezurra" da. "Herritar guztiek ez daukate etxebizitza duin eta egokia izateko eskubiderik, eta botere publikoek ez dituzte beharrezko baldintzak sortzen eskubide hori benetakoa izan dadin. Lurzoruaren erabilpena ez dute arautzen guztion onerako, eta ez dute espekulazioa galarazten".

1997tik 2007ra bitartean estatu espainiarreko etxebizitzen salneurria % 288 hazi zela ere salatu du Cuadrak, bide batez. "Nora eraman zuten dirua higiezin eta eraikuntza enpresek krisia lehertu orduko?", galdetu du diputatu subiranistak.

Etxe-kaleratzeak gelditzeko lege dekretuaren gaineko eztabaidan hartu duen txandan, gogoan izan ditu Cuadrak Manuel Reguera, Amaia Egaña eta José Manuel Domingo, eta etxe-kaleratzeak saihesteko lanean ari direnen lana goraipatu du.

@ehbilducongreso