Amaiurreko diputatuak esan duenez, "ez da ETA presoak sakabanatu dituena, edo eta erredentzio eskubideak kendu dizkiena, edo eta zigorrak luzatzeko legea aldatu arazi duena".

Urbinaren arabera, "bakoitzak berari dagokiona hartu behar du bere gain" eta beraz, "urte hauek guztietan terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiapean egindako gehiegikeriak onartzea dagokio Espainiako gobernuari".

Euskal diputatuaren ustez ezin da "inolaz ere" eskubideekiko errespetua baldintzaren baten mendean jarri.

Espainiako Herriaren Defendatzailearen 2011ko txostenaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok Amaiurreko diputatuak. Urbinak ez du erakunde horren lana "gutxietsi" nahi izan baina zehaztu du, txosten horren erabilera praktikoa "hutsaren hurrena" dela.

Bere esanetan txostenean jasotzen diren salaketak saihestea Gobernuari dagokio eta beraz, "erabaki politikoa da eskubideen bortxaketa horiek berriz gerta ez daitezen neurriak jartzea ala ez".

Urbinak nabarmendu dituen salaketen artean daude etxe kaleratzeei, etorkinen eskubideei, presoen sakabanaketari eta torturei dagozkienak. Parot Dotrina delakoaz, Amaiurreko diputatuak esan du "aberrazio" bat dela hori.

@ehbilducongreso