Jose Ignacio Wert, Espainiako Hezkuntza ministroaren adierazpenei erantzunez, hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

Lehenik eta behin, Wert jaunak ez dio egia osoa Hezkuntza Lege berriari buruz. Gaurko plenoan, behin eta berriz esan du gaztelania eta hizkuntza koofizialak maila berean egongo direla, eta hori ez da horrela. Lege berriarekin euskara, katalana eta galegoa anekdota hutsa izango dira curriculumean. Are gehiago, atzerriko hizkuntzen azpian geratuko dira. Eta atzerriko hizkuntzak ikastea garrantzitsua bada ere, ez da logikoa milaka euskaldunoi geure ama hizkuntzan ikasteko aukera ukatzea.

Bigarrenik, Wert Jaunak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza ereduaren "eraginkortasunaren" alde egin dituen adierazpenek harritu egin gaituzte. Beti pentsatu izan dugu ikasleak talde mixto, erdaldun eta euskaldunetan banatzea kaltegarria dela. Hala ere, Espainiako hezkuntza ministroarentzat sistema hori hain eredugarria baldin bada, haren arabera gurasoek murgilketa edo elebitasuna aukeratu egin dezaketelako, zergatik ukatu nahi digu orain aukeratzeko eskubidea? eta zergatik ez dute sekula EAEko eredua Nafarroan ezarri nahi izan?

Azkenik, hauxe da gure ondorioa: Wert jaunak esan du, gaurko plenoa eta gero, konplexua sortuko zaiola ez dituelako gauzak ondo azaltzen. Ez. Wert jaunaren arazoa beste bat da: gezurretan ari da. Ministroaren benetako helburua euskara, katalana eta galegoa baztertzea da.

Ez da kasualitatea Espainiako gobernuak hezkuntza sistemaren erreforma nahi izatea. Boterera iritsi zen lehen egunetik Estatuaren birzentralizazioa bultzatzen ari da Alderdi Popularra; eremu guztietan, gainera. Erreforma honen helburu nagusia, Euskal Herriaren, zein Estatuak indarrez hartuta dituen gainontzeko nazioen, asimilazio osoa da. Horretarako lekuan lekuko hizkuntza eta kultura, bigarren mailakoak izatea nahi dute gaztelaniaren mesedetan.

 

@ehbilducongreso