Pentsioen dekretuari Auzitegi Konstituzionalean jarri behaarreko errekurtsotik kanpo utzi dutela eta, hauxe da gure koalizioak pentsatzen duena:

Lehenik eta behin, jazoeren larritasuna azpimarratu nahi dugu. Krisiak hain gogor jotzen gaituen honetan, Euskal Herriko zein espainiar estatuko herritarrik gehienak bat datoz Alderdi Popularraren Gobernuak hartutako erabaki antisozialei kontra egiterakoan.

Alderdi Popularra ongizate estatua desegiten ari da astez aste.

Egoeraren larritasunak ezkerreko indar aurrerakoiek bat egitea eta sendo erantzutea eskatzen du; ez bakarrik Euskal Herrian, baita estatu espainiarrean ere. Langileen, autonomoen, pymeen eta ekonomia sozialaren alde lan egin behar dugu. Eta nola ez, baita pentsiodunen alde ere.

Amaiurrek ardura handia erakutsi du, Espainiako Parlamentuan oposizioan dauden gainontzeko alderdiekin batera, inkonstituzionalitate errekurtsoa sinatzea erabaki duenean. Izan ere, Amaiurrek jakin egin du sinadura honetara heltzeko, estatuko sindikatu handiekin dituen desberdintasunak gainditzen, pentsiodunen eskubideak lehenesteko.

Hala ere, PSOEk, inongo arrazoirik gabe, paso egin du gizartearen gehiengoaren nahia betetzeko borondatetik. UPyDren presioari men egin dio orain artean ikusi gabeko iniziatiba bat izorratuz.

Ezin dugu ulertu, PSOEk nola eman dion halako babesa PPri, egoera larri honetatik lasai ateratzen lagunduz.

PSOEk arazoak ditu antza, Amaiurrekin batera agertzeko argazkietan, nahiz eta pentsioen gaia izan aitzakia. Hori bai, ez du inolako arazorik EAJ eta CIUrekin akordioak lortzeko hauek eskuinekoak izan arren.

Era berean, ulergaitza eta mingarria da guretzat Izquierda Pluralen jarrera. Ez dugu ulertzen zergatik sinatu duten errekurtsoa, 50 sinadurarekin nahikoa zela jakinda. Hau da, bazegoen modua pentsiodunak babestu eta PSOEren betoari aurre egiteko. Uste dugu egoeraren mailan egon behar dugula guztiok. Espero dugu jarrera hau laster baino lehen zuzentzea.

PNV

Bereziki larria da, edozelan ere, EAJren jarrera. Diputatu jeltzale bat atera zen komunikabideen aurrera, "betoarekin gertatu dena ez zaigu batere interesatzen", eta, "guk pentsioei buruz hitz egin nahi dugu, ez albo kalteei buruz", esanez. Asko esaten du horrek EAJri buruz, eta batez ere, gero eta argiago uzten ari dira une historiko honetan hartu nahi duten norabidea.

EHBilduk, eta tartean Amaiurrek, oso argi daukagu ez dela kasualitatea EAJk ezkerreko indar aurrerakoiei halako gaitzespenarekin begiratzea.

EAJk ondo daki, herri honentzako benetako alternatiba eskaintzen ari garenok zelako indarra hartzen ari garen. Ez bakarrik gizarte arazoetan, baita politikan ere. EHBildun batu garen ezkerreko indarrok indartzen ari gara egunez egun, gure helburu nagusia pertsoenn interesak defendatzea delako finantza erakundeak babesten ibili beharrean. EAJ ez dago kaleko jendearen zerbitzura. Finantza eta ekonomia elitearen beharrei erantzutea da bere ardura printzipala, eta zelan ez, pentsioen pribatizaziotik ere etekinen bat jasoko du.

Betoa ez da Amaiurreko zazpi diputatuen kontrakoa; beto hau Euskal Herriko zati handi bati ezarri zaio, eta ez gara Amaiurri botoa eman ziotenei buruz bakarrik ari.

Ez da EAJk saltzen gaituen lehen aldia. Beti izan ditu lagun hobeak Espainian Euskal Herrian baino.

Une honetan EAJ arduratzen duena da, EHBildu lehen indar izatera iristea. Horregatik ari dira jeltzaleak ahal dutenero ezkerreko indar subiranistak baztertzen edo hauen ahalmena gutxiesten.

Honegatik guztiagatik, atzo gertatuak ondorio hauetara garamatza:

  • Euskal Herriari dagokion guztia da estatu arazoa, eta beraz, erabaki eta kudeaketa neurri bereziak hartzen dira guri dagokigunean.
  • PP eta PSOEk euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko ematen duten edozein pausu edo gizarte eredu justu eta solidarioagoa eraikitzeko eskuratzen duten edozein tresna propio blokeatu nahi dute.
  • Ezinbestekoa da gure herriak tresna politiko eta ekonomiko propioak lehenbailehen eskuratzea gure buruaren jabe izan gaitezen. Behar dugu lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua. Euskal Herriak oinarri justu eta solidarioetan oinarritutako pentsio sistema propioa behar du!

Azken batean, frogatu duguna da, indar politiko asko ez direla oraindik ohartu garai politiko berrian gaudela, eta euskal gizarteak zein estatu espainiarreko hiritarrek behar dute indar politiko guztiek bat egitea dauzkagun arazo ekonomiko, sozial zein politiko larriak konpontzeko. Gure betebeharra da arazo horiek konpontzea.

Amaiurrek dei egiten du arduraz jokatzeko, bazterkerian oinarritutako inertzia zaharrak alboratzeko, eta konpontzeke ditugun arazoei irtenbidea emateko Euskal Herriaren aniztasuna kontuan izan dadin.

@ehbilducongreso