Diputatu soberanistak kritikatu egin du Europako Gailurra. Izan ere, gailurraren %35 defentsa politikari buruzko ondorioetarako erabaili dute, eta % 3a baino ez da izan gazteen enpleguari edo kohesio sozialerako aukera apurrei buruzkoa. Rafa Larreinaren iritziz, gailur honek ekonomia eta finantza erakunde handien interesei erantzun die, eta europarren beharrizanei bizkarra eman die.

Europa horren aurrean, AMAIURek herrien Europa defendatzen duela esan du; Europa soziala, batua eta mugarik gabea. Hari horretatik tiraka, Manuel Irujok Espainiako II. Errepublikan Madrilgo Gorteetan esandako hitzak gogorarazi ditu. Diputatu abertzaleak Mariano Raxoiren aurrean adierazi du, "Amaiurrek ez duela Ebron mugarik jarri nahi, Bidasoan ezarrita dagoen muga kendu baino". Muga horrek Euskal Herria zati bitan mozten duelako.

Larreinak Raxoiri eskatu dio hurrengo gailurrean, Euskal Herriaren egeoran dauden Europar Batasuneko "beste" gune horietaz hitz egiteko. "Europan egon nahi dugu, baina beste era batera; burujabe".

Kritikoa izan da Espainiako Gobernuko presidentearen diskurtsoarekiko, eta diputatu euskaldunak Batasunaren "gabezia" demokratikoa salatu du. Azpimarratu duenez, Europako "sasi-konstituzioa" aldatu egin behar da. Era berean, herrien Europa aldarrikatu du: barrukoekin zein kanpokoekin solidarioa, eta mugarik gabekoa. "Herritarren Europa, eta ez ekonomia eta finantza erakunde handiena", azaldu du Larreinak.

Bestaldea, Larreinak Euskal Herriarentzat subirautza aldarrikatu du; ez baitu Espainiako Estatuak Europa sozialagoa eraikitzeko "gure" asmoa bete dadin konponbiderik lortzen.

Europako bankua

Diputatu subiranistaren arabera, neurririk gehienak Alemaniako kantzillerraren kezkak konpontzeko hartu dira, eta honen interesak Alemaniako bankuarenak dira.

Haatik, Larreinak esan du Alemaniako bankuen jarduera Batasunaren ikuskaritzatik kanpo dagoela. Kritiko azaldu da, horrek erakusten duelako, ez dagoela konpromisorik elkartasunarekin eta gizarte justiziarekin. Ez baitago Europako bermeen funtsik bankuek galerak bere gain har ditzaten. Horrela, bankuek egiten duten bakarra, irabaziez gozatzea da.

Europar Batasunaren azken gailurra dela eta, Larreinak salatu du ez dela krisiari aurre egiteko eta berriro ez gertatzeko neurrien gainean hitz egin. Bere berbetan, Europako Banku Zentrala benetako Banku Zentral bihurtu behar litzateke monetari dagozkion politiketan zeresana izan dezan.

Larreinaren iritziz, bankuen zor pribatua zor publikoa bihurtzen jarraitzen dute, eta gogor salatu du bankuak "gizarte justizian" inbertitzera ez derrigortzea.

AMAIUReko kidearen arabera, ez dago ondo gailurrean funtsaren banaketarako zenbakiez bakarrik eztabaidatzea, eta Raxoiri galdetu dio ea nora bideratuko diren Europar Batasuneko aurrekontu funtsak: enplegua sustatzera, hazkundera ala finantza eta espekulaziora.

PAC ere kritikatu du Larreinak elikadura empresa handien interesei amen egiten dielako, ekoizle txikiak baztertuz.

@ehbilducongreso