Urtea bete da PP Espainiako Gobernura iritsi zenetik, eta Amaiurrek honela bizi izan du urte hau:

Legegintzaldiaren hasieran koiuntura aldaketa bizi izan genuen Euskal Herrian, eta aukeraz betetako aro berria ireki zitzaigun gure herriak urteetan jasan duen gatazka politikoa demokratikoki konpontzeko. Zoritxarrez, Espainiako Gobernuaren eta Alderdi Popularraren jarreraren ardatzak paralisia eta mugimendurik eza izan dira.

Ez daukagu ahazteko, nola Amaiur talde parlamentario propiorik gabe utzi zuen Kongresuko mahaiak, PSOEren abstentzioari esker.

Diskurtsoari dagokionez, ez dira gai izan garaileen eta garaituen eskema gainditzeko, eta parametro gizatiar eta logikoetan oinarrituta, konponbidea lortzeko egin diren ahaleginak mespretxatu egin dituzte: Aieteko adierazpena, Gernikako akordioa, Baionako foroa...

Espainiako Gobernuaren errezetak iraganekoak dira: atxiloketak, sakabanaketa, Parot doktrina Estrasburgoko epaien gainetik, eta jakina, Amaiur eta EHBildu legez kanpo uzteko eten gabeko mehatxuak. PSOEk duela gutxi ezarritako betoa ere Amaiur baztertu eta sinesgarritasunik gabe uzteko ahalegina izan da; baina, beste batzuen artean EAJk babestutako beto honek, agerian utzi du PSOEren ahuldadea.

Hala ere guztiz ere, Espainiako Parlamentura eraman dugu estatuak onartu nahi ez dituen beste biktima horien sufrimenduaren berri; beharrezkoa baita gatazkak utzitako ondorioak osorik aztertzea. Biktima guztien mina aldarrikatu dugu salbuespenik gabe. Eta, zelan ez, herri gisa dagozkigun eskubideen errespetua ere aldarrikatu dugu.

Amaiurrek zubiak eraiki ditu alderdiekin zein hainbat eragile sozialekin. Bide horretan, azpimarratzekoa da, ERCrekin autodeterminazio eskubidea sakontzeko egin dugun akordioa, etorkizunean eskubide hori garatu dadin.

Beraz, euskal gatazka politikoaren konponbideari dagokionez, ezer nabarmendu behar badugu, PPren mugimendurik eza da. Beldurra, zalantza, deskonfiantza... zilegi dira, jakina. Baina hori ez da nahikoa motibo iraganari eusteko ardurei aurre egin ordez. Gutxiago oraindik koiunturak ausardia, indarra eta zorroztasuna eskatzen dituenean.

PPk elkarrizketa saihestu du behin eta berriz, eta badakigu, elkarrizketa dela arazoak konpontzeko oinarria. Edozelan ere, hitz egiten esertzeko, besteei entzuteko, elkarrizketa izateko, beharrezkoa da beldurra gainditzea. Heldutasun politikoa da behar dena, eta heldutasunik gabe oso zaila da bideari arduraz ekitea.

Eta urte hau zerbaitegatik egin bada ezagun, Europa eta nazioarteak agindutako neurri antisozial larriak aplikatzearren egin izan da: Europako Banku Zentrala, Munduko Bankua, Nazioarteko Moneta Funtsa eta Europako Batasuna.

Espainiako Gobernua titerea baino ez da izan gai honetan, eta estatuaren barruan prozesu hori zuzentzea baino ez zaio tokatu. Prozesu horren ondorioz, eskubide sozial eta ekonomikoetan atzera egin dugu nabarmen; izan ere, langileek eta herriak urteetan egindako borrokari esker lortutako eskubideak ukatu egiten dizkigute orain.

Gobernuak dekretu bidez ezarri ditu neurriak gizartearen beharrei bizkarra emanez, eta neurri guztiak dira bankuak, armagintza enpresak... euren irabaziak manten ditzaten laguntzeko.

Aurten onartu diren aurrekontuak, inoizkorik antisozialenak dira, eta beharrezko lege guztiak aldatu dituzte onarpena bermatzeko. Bestalde, banketxeei behar zuten laguntza guztia eman zaie eta zuten zorra pribatu izatetik publiko izatera pasatu da. Hori gutxi ez, eta higiezinen aferan izan duten ardura ez dute onartu behar izan. Lotsagarrikeriak elkarren atzean.

Herritarren poltsikoak gero eta gehiago husten dituzten artean (PFGZ eta BEZ igo, kopagoa osasunean, gasa eta argia gora...), murrizketa ekonomikoak onartzen dituzte bata bestearen atzean. Murrizketa horiek osasunaren, hezkuntza publiko unibertsalaren, gizarte zerbitzuak jasotzeko aukeraren, jubilazioaren, langabezia prestazioaren... gainbehera dakarte. Finean, gero eta jende gehiago daramate langabeziara, txirotasunera eta gizarte kargu hartzeko aukerarik ezera.

Katalunia eta Euskal Herritik burujabetzaren alde egindako deiaren aurrean, PPk estatuaren birzentralizaziorako ahalegina egiten du egoera ekonomikoa aprobetxatuz. Estatuan diren nazioak asimilatu egin nahi dituzte eraso ideologiko itzel honekin.

Asmo hori erakutsi duten Gobernuko Ministro guztiek izan dituzten legezko neurriak eraso hori babesteko. Erabaki horien artean daude Aurrekontu Orokorrak ere: birzentralizazio hori elikatzeko erabili baitira.

Nafarroari dagokionez, bereziki esan nahi dugu UPN dela egun, PPren lagunik fidelena eta sumisoena; lagun bakarra duela ez esatearren. UPNk baietza eman die aurrekontu antisozialei eta murrizketei. Ez hori bakarrik, alderdi honek Nafarroako Foru Gobernuan onartutako erabakiak ere ez ditu errespetatu Madrildik hango erabakiak inposatzeko aukera izan duenean ­–neskak eta mutilak bereizitako ikastetxeak-. Horrela, Nafarroan demokratikoki lortu ezin izan duena, Madrildik ezarriz. Hauxe da UPNren "navarrismoa": sumusio osoa Espainiako eskuin zaharkituari, eta mespretxua Nafarroako gizartearen gehiengoak nahi duenari.

Amaiurrek garbi defendatu ditu herri bezela dagozkigun eskubideak eta Euskal Herriaren burujabetza. Horixe delako eredu neoliberal honen aurrean, eraiki behar dugun eredu soziala eraikitzeko bide bakarra. Justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako gizartea behar dugu, pertsonen beharrizanak ez daitezen kapitalaren interesen menpe egon.

Amaiurrek sendo aurre egin die PPren Gobernuak ezarritako erreforma ekonomiko zein sozialei; Estatuko Aurrekontu Orokorrei, eskubide sozialak zein lan eskubideak edo pentsiodunen eskubideak kentzera etorri diren dekretuei kontra eginez.

Proposamenak ere egin ditugu politika neoliberalen aurrean alternatiba sozial eta ekonomikoa eraikitzeko: aberastasunaren eta lanaren banaketa, etxebizitza publikoa eta errenta soziala...

Gure lana ez dugu parlamentura mugatu. Euskal Herriko hainbat gizarte eragilerekin eta agente ekonomikorekin trukatu ditugu gure kezkak, aldarrikapenak, eskaerak eta salaketak. Guzti horien ahotsa izan gara Madrilen murrizketen kontra egin dugunean, eta hainbat herri mobilizaziotan parte hartu dugu Euskal Herrian zein Madrilen jarrera hori defendatuz.

Urte betean erakutsi egin dugu, ordezkatzen dugun masa sozialarekin batera, Euskal Herriarentzat eta bertan bizi diren guztientzat benetako alternatiba daukan indar politiko bakarra dela Amaiur.

@ehbilducongreso