Amaiur komunikabideen aurrera dator gaur, joan zen larunbatean Bilbon, euskal preso politikoen alde, egindako manifestazio jendetsuaren gaineko balorazioa egiteko.

Lehenengo eta behin, zorionak eman nahi dizkiegu manifestazioa deitu zutenei egindako lan handiagatik. Bide batez, manifestazioan parte hartu zuten gizarte eragileak ere zoriondu gura ditugu.

Deialdiaren arrakastak argi erakutsi du, euskal gizartearen gehiengoak euskal presoak Euskal Herrira ekartzea nahi duela. Baita, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak eta gaixo sendaezinak dituztenak etxera ekartzea ere.

Bestalde, manifestazioko pankarta nagusiak zioenaren harira, Amaiurrek azpimarratu gura du, Bilboko martxa bakearen aldeko oihua izan zela.

Ez dugu ulertzen beraz, manifestaziora joan ziren milaka pertsonek aldarrikatu zutenarekin ustez ados egon eta manifestazioarekin bat egin ez zuten indar politikoen jarrera.

Horregatik zabaldu nahi du Amaiurrek manifestazioko eskaeren oihartzuna, eta Espainiako gobernuari dei egiten diogu, bita Alderdi Popularrari ere bide batez, bazter ditzala behingoagatik iraganeko ohiturak. PPren politika mendekuan, gorrotoan, herran eta zentzugabekerian oinarrituta dago.

Behin baino gehiagotan esan diegu: euskal preso politikoen eskubideak betetzea ezin da egon inolako baldintzen menpe. Giza eskubideez ari gara, bakearen alde pausoak emateaz.

Gero eta gehiago dira, baita PPren barruan ere, Euskal Herrian bakea lantzeko politiketan aldaketak egin daitezen eskatzen duten ahotsak. Guztiek dakite egoera honek ez duela laguntzen bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean. Espainiako Gobernuak errealitateari aurre egiteko ordua du. Euskal gizarteak ez du nahi eta ez du behar bakearen etsairik.

Amaiurrek iragartzen dizue Jorge Fernández Díaz Barne Ministro Jaunaren berehalako agerraldia eskatuko diola Espainiako Diputatuen Kongresuari. Bertan azaldu dezala zeintzuk izango diren Espainiako Gobernuak kartzela politikan eman beharreko pausuak.

Iragan zapatuan esan genuen. Presoek bizi duten egoera larria ezin dugu betikotu. Euskal gizarteak itxaropenaren aroa zabalduko duten oinarriak ezarriko dituzten keinuak nahi ditu.

Kartzela politikari buruzko eztabaida egin egingo da Diputatuen Kongresuan, iraganari helduta bizi direnen, zein mendekuan eta gorrotoan oinarritutako politikak egiten dituztenen gainetik.

Amaiurrek beste behin ere, elkarrizketarako eskua luzatzen du adostasunetara eta elkar ulertzera iristeko. Kartzela politikak aldatu egin behar du guztion onerako.

@ehbilducongreso