“Anexioaren eta 4. Xedapen Iragankorraren garaiak atzean gelditu dira, Nafarroako herritarrak proiektu politiko guztien artean askatasun osoz erabakitzeko aroa ireki da”. Ideia horri heldu dio gaurkoan Sabino Cuadrak atzoko UPN-PP mitinean entzundakoaren ondoren, Lekunberrin eginiko ekitaldian.

Sabino Cuadrak azpimarratu du 78ko Konstituzioa eta Foru Hobekuntzak porrot egin dutela, arau demokratikoak ez direlako. Ez batak eta ez besteak ez dituzte Euskal Herria eta Euskal herritarren eskubideak aitortzen, eta gainera indarrean jarri ziren herritarren babesik gabe. Beraz, Rajoyk Konstituzioa aldatu nahai badu, hasi dadila 2. artikuloa ezabatzen (Espainiaren batasun zatiezina inposatzen duen artikuloa), eta txertatu dezala artikulo honen ordez beste bat zeinean Euskal Herriaren eta Estatuan preso dauden gainontzeko nazioen Autodeterminaziorako eskubidea aitortuko den. Eta bidebatez ezabatu dezala ere 8. artikuloa, zeinean Ejerzitoari Espainiaren osotasun territoriala bermatzeko ardura ematen zaion. Lan asko izanen du beraz Rajoy jaunak 78ko Konsitituzioa aldatzen, benetan arau demokratiko bat egin nahi badu. Baina hori bere ardura eta bere eginkizuna izanen da, izatekotan.

AMAIURtik Rajoy Jaunari eskatzen diogun gauza bakarra da errespetatu ditzala Euskal Herriaren hitza eta erabakia; ez dezala oztopatu lau lurraldeetako euskal herritarrok gure marko politiko propioa eztabaidatu, adostu, herri kontsulta bidez berretsi eta gauzatzeko egin behar dugun bidea.

Yolanda Barcinak atzo Iruñean Nafarroako nortasunaren inguruan esandakoei erantzunez, Sabino Cuadrak esan du UPN eta PP direla Nafarroaren nortasunaren eta nafartarren hitza eta erabakitzeko ahalmenaren etsai amorratuenak. UPN eta PPk ez dute Nafarroa burujabe bat nahi; Madrilen menpe itotzen ari den eredua inposatu nahi diote Nafarroako herriari; herriari berari bere etorkizunaren inguruan erabakitzeko aukerarik eman gabe.

Baina jakin behar dute Barcina, UPN eta PPk beraien “Nafarroa foruzale eta espainiarra” amanerara iristen ari dela. Etorkizunari begira, bestelako Nafarroa bat ernetzen hasia da, Nafarroa gorria, euskalduna. UPN-PPk badituzte bai arrazoiak abertzale eta ezkertzaleoi beldurra izateko: erabakitasun osoa baitugu indarrak metatzen segitzeko eskuinaren proiektu ukatzailearen aurrean benetako alternatiba herritarra, demokratikoa eta ezkertiarra eraikitzeko.

Lekunberrin, 2011ko azaroaren 13an

@ehbilducongreso