Amaiurreko hautetsiak eta koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariak oholtza gainean zirela hitz egin du Iñaki Antiguedadek. Bereak izan dira ekitaldiko azken hitzak. 

Asteburuan senide edo lagunei bixita egiteko bidaian dauden guztiak gogoan hartuz hasi da Iñaki. Gogoan izan du, baita ere, duela 7 urte Anoetako Belodromo hori bera goraino bete zuen ekitaldia, Anoetako adierazpena bezala ezagun egin den proposamena aurkeztu zenekoa.

7 urte jendearen berotasunik sentitu gabe Anoetan... gaur, ordea, jendeak berotu egin du Anoetako giroa eta Anoetak berak berotu gaitu gu ere. Beroketa globala deitu dio Iñakik, klima politikoaren aldaketaren seinale den beroketa globala hain zuzen ere.

Sentimendu, ideia, proposamen eta mezu asko bizi izan ditu Anoetak; mezulari ugari pasa dira bertatik. Mezulari horien arten bi gogoratu ditu bereziki Iñakik eta, zutik, txalo artean hartu dituzte bien izenak 15.000 lagunek: Jon Idigoras eta Arnaldo Otegi.

Anoetako Belodromoan ikusitakoa ez da politika hutsa izan, herri oso baten sentimenduaren erakusgarri baizik. Euskaldunok gure erabakiak hartzeko eskubidea dugula aldarrikatu dugu, guk ere estatu propio bat izateko aukera dugula.

Hori da gure proiektua, estatu propioa eraikitzea. Gure proiektua hitza eta erabakia dira, gurea eraikitzea. Madrilera bi proiektuen arteko konfrontazioa egitera joan nahi dugula azaldu du Iñakik. Argi esan du Madrileko instituzioak ez direla gure instituzioak, ez dela gure errepide nagusia, baina egin beharreko bide ertzeko zerbitzu gunea dira.

Euskal gizartearen gehiengoa daukagu gure proiektua babesten, eta babes guzti hori kontuan hartuta berriz ere luzatu die galdera Iñakik Rajoy, Barcina eta Rubalcabari: errespetatuko al duzue borondate hori? Hiruen argazkiak pantailan jarrita, txistuak nagusitu dira Belodromoan.

Azkenik, azaroaren 20an bozkatu ala ez zalantzan dabilen independentista orori dei zuzena egin die Iñakik: ez daitezela inola ere etxean geratu, ez dezatela zalantzarik izan, bozkatzera joan behar da! Badakigu soberanistentzat ez direla gure hauteskundeak, baina eraiki nahi dugun estatuaren bidean hauteskunde garrantzitsuak dira.

@ehbilducongreso