BNGk, ERCk eta Amaiurrek Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizaren autodeterminaziorako eskubidea arautzeko lege proposamena aurkeztu dute gaur Espainiako diputatuen kongresuan. "Ez da eman ala kendu egiten den eskubide bat, herriek berezkoa duten eskubidea da", dio testuak.

Komunikabideen aurrean eginiko agerraldian hiru taldeetako ordezkariek gogoratu dutenez espainiar estatuak berak berretsitako nazioarteko itunek determinazio librerako eskubidea jasotzen dute. Horregatik, Espainiako legeriak ere eskubide hori jaso beharko lukeela azpimarratu dute BNGk, ERCk eta Amaiurrek.

Testuak dioenez, Nazio Batuen Kartak eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak konpromiso hori jasotzen dute. "Determinazio librea jasotzen duten hainbat karta, itun, hitzarmen eta ebazpen sinatu eta berretsi ditu espainiar estatuak". Horregatik, eskubide horren erabilera arautu nahi dute hiru taldeek.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuaren arabera, azken ustelkeria auziek agerian utzi dute espainiar estatuak "porrot" egin duela eta nabarmendu du "determinazio librearen eztabaida mahai gainean jartzeko unea iritsi dela".

Orain, lege proposamenak kongresuko mahaiaren onespena izan behar du eztabaidatua izan dadin. Ildo horretan, BNGk, ERCk eta Amaiurrek eztabaida izango den itxaropen osoa agertu dute nahiz eta PPren esku egon proposamenak aurrera egin ala ez.

@ehbilducongreso