Hutsik dagoela ere Anoetako Belodromoak zirrara eragiten du. Zirrara eragiten du handitasun hori betetzeko gai izango ote garen pentsatzearen urduritasunak, zirrara eragiten du leku horretan bertan bizitako momentuak oroitzeak, zirrara eragiten du beteta imajinatzeak...

Jendea pixkanaka doa iristen, aulki hutsak betetzen doaz eta jende multzoak ageri dira han hemenka, urduritasunak ez du ihes egiten oraindik.

Eta azkenean, jende uholdea, bazter guztietatik sartu dira Belodromora... eta bai, bete dute, bete dugu! Belodromoa lepo bete da! Urduritasunak hor dirau oraindik, bai, baina jada ez dio axola, hemen dago gure indarra, hau da Amaiur!

Itzali da musika, itzali dira argiak. Hasi da ekitaldia. Belodromoa bizirik dago, 15.000 lagunen taupadekin bizi da.

Kanpainak egin du jada bere ibilbidearen erdia. Abiada bizi aritu gara egunero lanean, herriz herri, auzoz auzo, egunez egun; alboan eserita ditugun hautagaiak hara eta hona bili dira ekitaldiz ekitaldi eta, orain, beren burua ikusten dute Belodromoko pantaila erraldoian. Ez dira bakarrak, ordea, 15.000 lagunen artean askok ikusi dute beren burua pantaila berberean, Amaiurren alde ateratako argazkiak edota grabatutako bideoak proiektatu direnean. Ilusioa eta zirrara berriz ere.

 

Bideoa amaitu da. Aurkezleak Patxi Zabaleta gonbidatu du oholtza gainera. Zabaletak euskal herritar guzti-guztiei Amaiurren alde bozkatzeko deia egin die. Euskal Herriak herri izatekotan, Euskal Herria Europako nazio bat izatekotan, nazio bezala eta herri bezala jokatu behar duela esan du Zabaletak. Herri izateko herri bezala jokatu behar da!

 

Zabaleta oholtzatik jaitsi eta musikariak igo dira. Anje Duhalde, Maialen Errotabere eta Sebas Otaburu. “Bakezaleak” abestiaren lehen doinuekin inoizko korurik handiena jaio da Anoetan. Bakea nahi dugu, bai, benetako bakea eta normalizazio politikoa eta horretarako lan egingo du Amaiurrek.

http://www.youtube.com/watch?v=-HUbFiKwyWc

Abestiaren ostean eszenatokiko argiak gorri jarri dira eta Oskar Matute igo da oholtzara. Euskal Herrian indignazio eta haserreak izena baduela esan du Matutek. Amaiur da izen hori; Amaiur da Euskal Herriko ezkertiar, ekologista, feminista, sindikalista, abertzale eta subiranista guztien aukera.

 

Matuteren ostean Peio Urizarren txanda iritsi da. Irrifartsu heldu dio atrillari, publikotik ozen entzuten den irrintzi batek jarri dio irrifarra ahoan. Goraino betetako Belodromoari begira, Urizarrek esan du plazer bat dela betekada hori ikusi ahal izatea. Politika hiritarrengandik oso urrun dagoela esaten den momentu honetan Amaiurrek jendea biltzeko duen gaitasuna ikustea ederra dela azpimarratu du. Publiko guzti horri begira, Urizarrek errepikatu du, Amaiurrek Madrilen eskatuko duena euskaldunon erabakitzeko eskubidea dela.

Beste musikari batzuk igo dira ondoren oholtzara, kasu honetan dantzari batzuek lagunduta. Ikuskizun ederra eskaini dute guztiek, inbidia ere zabaldu da ikusleen artean, oin eta hanken arintasunarekin liluratuta.

 

Dantzariek ekarritako bizitasunari heldu diote ondoren, Amaiurren banderolak eskuetan, Belodromoko izkina batetik atera diren 200 gazteek. Publiko artetik igaro eta oholtza gainera igo dira guztiak; irrifarrak, grina, indarra, alaitasuna, konpromisoa. Zutik eta txalo artean hartu dituzte guztiak, Maider Carrere eta Andoni Rojok hartu dute hitza denen izenean. Azaroaren 20an gazteen ahotsa entzunarazi nahi dutela esan dute, gazteak direlako, beren hitzetan, gaur egungo sistemaren zapalkuntza modu zuzen eta bortitzenean pairatzen dutenak. Gazteen oihua independentzia dela aldarrikatu dute eta horretarako aukera bakarra Amaiurren alde bozkatzea.

Musikariak igo dira gazteak oholtzan jarraitzen zuten bitartean beste abesti bat jotzera. Amaitzerako eszenatokitik jeitxi eta publiko artean zabaldu dira denak, Belodromoko arrapalatan eseri behar izan dute, ez baitago aulki librerik.

 

Ez du denbora asko egin hutsik eszenatokiak, berehala bete da berriz, oraingoan Amaiur osatzen duten alderdietako hautetsiak igo dira, instituzioetatik Euskal Herri berria eraikitzen ari diren kideak. Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea eta Asun Fernandez de Garaialde y Lazkano Nafarroako parlamentaria izan dira guztien izenean hitz egiteko arduradun. Amaiurri beren babesa eman diote, horrekin batera, Euskal Herrian abian den aldaketa prozesuari ere sostengu emanez.

 

Argi berdeak bildu du Maite Aristegi atrillaren atzean. Denetariko hautagaiak ditugu Amaiurren, Aristegik kanpainan zehar behin baino gehiagotan erakutsi digu bere bertsolari alderdia; oraingoan, edozein bertsolarik gustura hartuko lukeen publikoaren aurrean, belarriak zabalduta adi entzuten duten 15.000 pertsonen aurrean kantatu du. Bertsoa botatzean gain, argi eta garbi ere hitz egin du Maitek; esan du Amaiur dela Euskal Herriak XXI. Mendean bakea, askatasuna eta demokrazioa besarkatu ahal izateko bozka bakarra.

 

Eta, azkenean, hautagaien txanda iritsi da. Lehenengo lerroetako aulkietatik altxa eta oholtza gainera igo dira Amaiurren izenean Espainiako Kongresu eta Senatura aurkezten diren herritar guztiak. Iñaki Antiguedad hurbildu da atrillera, atera du papera poltsikotik, eta hasi da hizketan. Ekitaldia hasi denetik ordu eta erdi baino gehiago pasa den arren, Belodromo osoan inork ez du galdu Iñakik esandako hitz bat bera ere. Gutxi begiratu dio poltsikotik ateratako paperari, publikoari begira hitz egin du, Madrilen ordezkatuko duen herri horri begira, bere hitzak zutik eta txaloka hartzen dituen Belodromoari begira.

 

 

Amaitu du Iñakik, eta indarrez beteta utzi du Belodromoa. Zutik eta ukabilak altxata, Eusko Gudariak abestuz eman diogu amaiera 15.000 lagunek Anoetako Belodromoko ekitaldiari. Amaitu da ekitaldia, eta bertan egon garen guztiok indarberrituta ekin diogu etxerako bideari, kanpainarekin jarraitzeko gogotsu irten gara kalera, lan ona egiten ari garenaren ziurtasunarekin jaiki gara aulkitik; ukabilak altxata, guztiok batera, elkarlanean. 15.000 taupada, Euskal Herriaren ahotsa Madrilera eramateko jo ta ke lanean.

@ehbilducongreso