Hau da PPk publikatzea nahi ez zuen bideoa

Rafa Larreinaren hitzaldia agerraldian:

{audio}http://ehbildu.net/images/audioak/Larreina-Draghi.MP3{/audio}

Duela urtebete egindako hauteskunde orokorretan Euskal Herrian lehen indarra izan zen koalizioko kide naiz, eta Europar Batasuneko politikaren, eta batez ere, zuk zuzentzen duzun Europako Banku Zentralaren jarduearen gainean gure iritzia zein den azaldu nahi dizut.

Gure ustez, orain arte egin duzuen politika, gastuei eustera eta fiantza sektorearen gastu zein beharrei erantzutera bideratuta egon da Europar Batasuneko biztanleei bizkarra emanez. Horrek atzeraldi eta langabezia handia ekarri du europarron ongizate estatua arriskuan jarriz.

Ez zaigu buruan kabitzen gastuen kapituluan oinarritutako sendotze fiskalik, sarrerak ahaztu egiten baldin baditu. Iruzur fiskalaren kontrako borrokan konpromisoak hartzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu; izan ere, Europar Batasunaren barruan, zenbait estaturi lotuta, gaur egun dauden paradisu fiskalak bertan behera uzteko bideak eraiki behar dira.

Ekonomiaren hazkunde iraunkorra nahi dugunontzat, lehentasuna da Iruzur Fiskalaren kontrako politika Europa soziala eta hiritarren Europa eraikitzeko politikak egiteko. Azken batean, finantza merkatu espekulatzaileak eta estatuen epe laburreko intersesak bakarrik asetzen dituzten politikek Europa ukatu egiten baitute.

Gainera, iruzur fiskalaren eta paradisu fiskalen aurkako borroka tinkoa espainiar estatuko eta beste herrialde askotako ustelkeria politikoarekin bukatzeko tresnarik onena dela uste dugu.

Europa sozialaz berbetan ari gara: herritarrena eta herriena. Bere arima osatzen duten errealitate natural horien Europa. Kanporako zein barrurako elkartasuna duen Europa.

Eraikitzen ari zareten Europa honekin oso kritikoak gara: gero eta Europa gutxiago eta estatu gehiago daude hemen. Europa hau merkatuen menpe dago eta bere interesak herritarren beharren aurretik ipintzen ditu.

Guk uste dugu Europako Banku Zentralak bere izenak dieonari erantzun behar diola: Ipar Ameriketako Erreserba Federalak, esate baterako, dituen konpetentziak izan behar lituzke, eta estatuen interesekin zerikusirik ez duen moneta eta finantza politika garatu behar lituzke. Sarritan gertatzen baita (begira Alemania eta Frantzia bestela), estatuen interesak ez direla herritarrenak, estatu horietako banku nagusienak baizik.

Azkenik, Europar Batasunaren barruan, barne hazkunde izenarekin ezagutu den horretan sakontzeko beharraz hitz egiten nahi nizuke. Esan nahi dudana da, Eurpar Batasunaren barruan dauden estatu gabeko nazio horien asmoei erantzuna eman behar zaiela, Europa direlako horiek ere, eta izaten jarraitu nahi dutelako, baina beste era batera. Eskoziaz, Flandriaz eta Euskal Herriaz, neure herriaz, ari natzaizu, espainiar estatuan dauden beste herri batzuek ahaztu gabe; Galiza eta Katalunia, alegia.

Europar Batasunaren barne hazkundeari erantzuna ematea ez da zenbait estaturen berekoikeriari erantzutea. Aitzitik, helburu bateratu eta elkartasunezko bati erantzun behar zaio; era horretako Europa eraikitzeko bide bakarra izango delako. Herritarren Europa eraikitzeko eta estatuen Europa baztertzeko modua badago, Europa soziala eraikiz merkatuen eta finantza espekulatzaileen Europaren aurrean.

 

@ehbilducongreso