Gaurkoan, AMAIUR koalizioa Nafarroako herritarrekin hausnarketa oso xinple bat partekatzera dator: iritsi da unea UPN-PPri Nafarroako jendartearen ordezkaritzaren gehiengoa kentzeko. Iritsi da momentua hautetsontzietan ikustarazteko Nafarroa osoko herri eta auzo guzietara zabaldu den errealidadea: Nafarroa nazkatuta dago esquinaren politikekin, Nafarroako herritarrak aldaketa politiko eta soziala nahi dute.

Guztiok jakitun gara bizi dugun garai historikoaren berebiziko garrantzi politikoaz. Bi erronka nagusi ditugu herri gisa etorkizunera begira: 1/ Gure herrira bakea eta normalizazio politikoa ekarriko dituen prozesua azken bururaino eramatea, eta 2/ pairatzen ari garen krisi ekonomikoari aurre egitea lehentasun gisa hartuz herritar guzientzat enplegua sortzea eta bizi baldintza duinak bermatzea.

AMAIUR osatzen dugunok argi eta garbi daukagu herri gisa ditugun bi erronka haundi hoiei erantzuteko UPN-PP botere guneetatik at utzi behar dugula. Are gehiago jakin badakigunean ez dutela inondik inora herritarren gehiengoa ordezkatzen. Hori ondorioztatzen da egun hauetan kaleratu diren inkesta guzietan ere. Gehienera, eskuinak Nafarroako hauteskunde erroldaren % 30a besterik ez luke jasoko. Hauteskundez hauteskunde UPN-PP ordezkaritzaren gehiengoa eskuratzen badu arrazoi batengatik da: ezkerra beti zatiturik aurkezten delako hauteskundeetara. Iritsi da egoera honi amaiera emateko unea. Iritsi da unea ezkerraren indarrak biltzeko UPN-PPri gehiengoa kentzeko.

Helburu horrekin sortu da AMAIUR. AMAIURren indarrak bildu ditugu duela oso denbora gutxi arte elkarrekin lehian aritu garen gizabanako zein erakunde politikoak. Indarrak bildu ditugu pentsatzen dugulako hori dela Nafarroako jendarteak eskatzen diguna. Nafarroako jendartea bera baita indarrak biltzearen bidea erakusten diguna: Nafarroako hezkuntza komunitatea batu egin da murrizketei erantzun amankomuna emateko eta kalitatezko hezkuntza publikoa aldarrikatzeko. Beste hainbeste esan genezake osasungintzaz, zeinean sindikato ezberdinek eta profesionalak elkartu egin diren osasungintza publikoaren alde. Ekimen bateratzaileak ugaritzen ari dira ere hainbat lantegietako kaleratzeei aurre egiteko, baita krisi ekonomikoak zein Gobernu ezberdinen utzikeriak miseriara kondenatzen dituen eskualdeetan ere.

Nafarroako jendartea eremu politiko eta instituzionalean ordezkatzeko ardura hartu dugunok ezin dugu entzungorrarena egin gure herriaren aldarri ozenaren aurrean: indarrak bildu egin behar ditugu eskuinari alternatiba eraikitzeko. Erronka honi erantzun behar diogu hauteskundeetan, eta baita ere hauteskundeetatik haratago ere. Hauxe bera da AMAIURren izatearen funtsa: ezkerraren indarrak biltzea hain zuzen ere. AMAIUR sortu da XXI mendeko FRENTE POPULARRA osatzeko borondatearekin. AMAIUR sortu da iragan mendeko 30. hamarkadako FRENTE POPULARRAK gauzatu gabe utzi zuen ametsa egi bihurtzeko. Askatasunean eta Justizia sozialean oinarritutako herria eraikitzeko sortu da AMAIUR. Inork baino hobeki, eskuina izan da ireki den aro politiko berria irakurtzen asmatu duena. Eskuinaren indarrak batuz erantzun zioten AMAIURREN sorrerari berari. Baina ezkerreko indarrak gehiago gara, eta batzen bagara irabazi eginen diegu. Bide honetan, azaroaren 20an ezin dugu ezkerreko boz bakar bat ere alperrik galdu. AMAIUR da ezkerraren batasunaren alde egiten duen bozarik eraginkorrena.

Azaroaren 20an ezkertzaleok aukera ezinhobea dugu gure bozarekin ezkerraren batasunari bultzada sendo bat emateko. Ezkerraren Batasuna ezin da gerorako utzi, orain da gauzatzeko momentua. Bide horretan, AMAIUR osatzen dugunok ez dugu hutsik eginen, EZKERRAREN BATASUNA izanen da bai orain eta bai gero gure ihardunaren ardatza.

- Miren Aranoa (Amaiurreko hautagaia) - Maite Iturre (Amaiurreko hautagai burua Senaturako Nafarroatik) - Sabino Cuadra (Amaiurreko zerrendaburua Congresurako Nafarroatik). - Arturo Goldarazena (Amaiurreko hautagaia) - Fernando Ibiltzieta (Bilduko parlamentaria). - Koldo Amezketa (Bilduko parlamentaria) - Patxi Zabaleta ( Aralarreko ordezkaria eta Nabaiko parlamentaria) - Asun Fernandez de Garaialde ( Nabaiko parlamentaria) - Aitziber Sarasola (Bilduko parlamentaria) - Maiorga Ramirez (EAko ordezkaria eta Bilduko parlamentaria) - Bikendi Barea (Bilduko parlamentaria) - Txentxo Jimenez (Nabaiko parlamentaria) - Consuelo de Goñi (Barañaingo zinegotzia nabaitik) - Txelui Moreno (ezker abertzaleko ordezkaria) - Xabi Lasa (Berriozarko alkatea eta parlamentaria nabaitik) - Mikel Nuin (Amaiurreko hautagaia)

@ehbilducongreso