Bernard Cazeneuve ministro frantziarra Europar Batasunerako kongresu eta senatuko batzorde mistoan izan da gaur. Bere agerraldia baliatuz, duela urte bete sortutako eskenatoki berriari bultzada eman eta gatazkaren konponbidean urratsak emateko beharra azpimarratu du Jon Inarritu Amaiurreko diputatuak.

Hain zuzen, Inarrituk Cazeneuve jaunari gogora arazi dio ideologia eta jatorri ezberdineko eragile ugarik osaturiko ekimenak martxan jarri direla Iparraldean.

Euskal diputatuak "Forum de la Paix-Bake bidean" bezalako ekimenak nabarmendu ditu eta frantziar ministroari esan dio ekimen horretan Iparraldeko alderdi politiko gehienak daudela ordezkaturik, Alderdi Sozialistatik hasita, UMP-raino, indar abertzaleak barne. Ekimen horrek bake eta elkarbizitza eskenatoki berria indartzea du helburu.

Inarrituk bileran adierazi duenez, gatazkaren ondorioei heldu behar zaie berehala; presoen, biktimen, desagertutakoen eta desarmearen gaiei heldu behar zaiela, alegia.

Horrezaz gain, diputatu abertzaleak Frantziako ordezkaritzari eskatu dio ez dezala gobernu espainiarraren presioen eta mugitzeko gaitasunik ezaren aurrean men egin.

Frantziako ordezkaritza Bernard Cazeneuve ministroak, Arnaud Leroy diputatu sozialistak eta Jerôme Bonnafont, Frantziak Espainian duen enbaxadoreak osatu dute.

@ehbilducongreso