Jon Argintxonak Gernikan gaur arratsaldean esandakoa:

Arratsaldeon denoi,

Joan den astean, ostegun goizean, euskal irrati baten, Maite Aristegi elkarrizketatu zuten. Entrebistaren zati baten Amaiurren barruan AHTren azpiegiturari buruzko kontraesanak zelan eramaten diren galdetu zion esatariak, bera zirikatzeko asmo argiarekin. Maitek oso ondo erantzun zion: gai askotan, beste askotan bezala, iritzi ezberdinak, kontrajarriak batzutan, egon daitezkeela, baina oinarria, batzen gaituena, herriari hitza ematea dela, eta hortik abiatzen garela.

Geroago, gaia bueltaka ibili nuen, eta galdera beste modu baten ikus daitekeela ohartu nintzen. Esatariaren atzean, somatzen dena zera zen: euren jarduera demokrazia errepresentatibo mugatuan oinarritzen duten alderdiek jarrera tranposoa dutela. Alderdi horien buruzagi eta bozeramaileei galdetuko nieke ea AHTri buruz euren militante, zale eta boto-emaileen jarrera eurenarekin bat datorren ziur dauden. Ea euren jarraitzaile guztiak, den-denak, era monolitiko batean iritzi berbera duten, ea gai horretan iruzurrik giten ez dutela ziur dauden.

Demokrazia zabaltzeko bideak, gure artean, “esperimentalak” dira. Baina beste leku batzutan aspalditik euren erakunde politikoen ohiko jardueretan ezarrita daude.

Horren adibide erradikal eta muturreko bi ipiniko ditut:

Lehenengoa, denok ezagutzen dugun lurralde baten gertatzen da: Estatu Batuetan. Denok dakizuenez, deabrua baino gorriagoak dira Estatu Batuetan. Iraultzaile arriskutsuak. Lurralde hartan, Federazioa osatzen duten estatuek euren konstituzio eta parlamentuak dituzte, eta haietariko askotan erreferendumak edota herritar ekimenak egiteko aukera dute.

Joan den astean, esate baterako, Mississipin gizakion ernalkuntza prozesua hasten denetik, arrautza osatzen denetik, arrautza hori gizakitzat hartzeko printzipioa onartu ala ez erabaki dute. Erabakia, jakina, ez da edozer gauza, eta ondorio juridiko latzak eduki ditzake estatu horretan abortoaren praktikarako.

Beste adibidea Suitza da. Beste lurralde beldurgarri, anarkiko erradikala. Urtean zehar lau bat alditan herritarrek aurkeztutako arau zuzenketak eta arau proposamenak batuta bozkatzen dituzte. Aurten 40 bat proposamen bozkatu dituzte, dagoeneko. Edozein herritarrek proposatu dezake arau berriren bat, arau aldaketaren bat edo lege egitasmo bateri aurre egitea. Konstituzioa barne.

Arau mailaren arabera, 50.000, 100.000 sinadura behar dira proposamena kontuan hartua izateko, eta gero, herritar guztiek bozkatzen dituzte. Beraz, ez dauka hemengo sistemarekin zerikusi handirik. Demokrazia representatibotik haratago, herritarren parte-hartzea errazten dituzten hainbat adibide daude.

Zergatik daukate hainbesteko beldurra gure alderdi ortodoxoek ordezkaritza eta kudeaketa demokratikoa zabaltzeko eta errazteko? Demokrazia mugatzeko argumentu legez, erabakiak hartzea zaila dela eta buru argiei, jakintsuei, teknikariei utzi behar zaiela esan daiteke.

Baliteke Mississipi edo Suitzako jendea gu baino jakintsuagoa izatea. Politikagintzak kontsentsua, hartu-emana, negoziazioa eskatzen duela eta gu, herritarrok, astokiloegiak garela, antza, horretarako.

Kapazak gara noizean behin papertxo bat kutxa batean sartzeko, euren duten botereari zilegitasuna emateko... Horretarako baimena ematen digute. Eta botoak zenbatu istean, hauteskundeetako emaitzen ondorioz, sortzen den zilegitasun kolektiboaren administratzaile bakar bihurtzen dira. Ematen diegun zilegitasun hori euren jarduerarako behar duten energia da. Demokrazia hankamotz honetan euren organizazio tresneria elikatzen duen energia.

Horregatik, demokrazia zabaltzeko, gure etorkizunaren alde borrokatzeko herritar-politikoak behar ditugu. Denok izan behar dugu politikariak, politika profesionala ahultzeko eta erabakiak kolektiboki hartu ahal izateko.

Baina herritargo praktikoa beraien eskubide eta betebeharren kontzientea den herritargoa ez da botere barik, partizipazio barik sortzen. Eta, alderantziz, ez dago demokrazia osasuntsurik herritarren parte-hartze barik. Eta herritar barik ez dago eskubide politiko eta sozialak defenditzerik. Azken krisiak erakutsi digu gizartearen arlo desberdinak lotuta daudela, Europako defizit demokratikoa larrutik ordainduko dugula eta sozialki atzerapen itzela bizi dugula.

Euskal Herriko etorkizuna eraiki nahi dugu! Euskal Herri berria eraiki genezakeela sinetsi behar dugu! Hobeto esanda. Euskal Herri berria eraiki behar dugula ulertu behar dugu! Eta Espainia barruan ez dago horretarako aukerarik.

HORREGAITIK BOTEREA BEHAR DOGU, ASKATASUNA BEHAR DOGU ETA HELBURU HOIEK LORTZEKO BEHARREZKO DIREN EREMU GUZTIETAN BORROKATU BEHAR DOGU, BRUSELAN, MADRILE ETA PARISEN, IRUÑA, PAUBE, BORDELE ETA GAZTEIZEN, GURE HERRI ETA AUZOETAN.

Horregatik, boterea behar dugu, askatasuna behar dugu, eta helburu horiek lortzeko beharrezko diren eremu guztietan borrokatu behar dugu Bruselan, Madrilen eta Parisen, Iruñea Pabe, Bordele eta Gasteizen, gure herri eta auzoetan.

Gure herria iraultzeko aukera dugu, eta askatasun asmo guzti horiek, zubi bat eraikiz, etorkizunerantz bultzatu!

@ehbilducongreso