Lehenengo eta behin azpimarratu nahi dugu Alderdi Popularra nola ari den erreforma hau garatzen: herritarrei bizkarra eman die, berriro ere. Uneoro saihestu dute gaia sakontzea, eztabaidatzea.

PPk sinetsarazi egin nahi digu erreforma honen helburua gastu publikoa murriztea dela. Litekeena da. Erreforma honetarako Espainiako Gobernuak populismotik asko duen argudioak erabili ditu. PPk dio alkateen soldatak neurtu nahi dituela, zinegotzienak mugatu... baina barru-barruan, udalen autonomia suntsitu gura dute. Zinegotziei soldatak murriztearen aitzakia erreforma hau herritarrek onar dezaten baino ez da.

Alkateen eta zinegotzien lanari garrantzia kendu diote milioiak kobratzen dituztela esanez, nahiz eta jakin badakiten, hori ez dela horrela kasurik gehienetan. Badirudi, PP esaten ari zaigula politikari guztiak berdinak direla; horrela, ustelkeria kasuetan duten ardura borondatez eta zintzotasunez ari diren politikari guztiengana zabaldu gura dute.

Ez horixe. Guk argi ikusten dugu udal politiken lapurreta dagoela hemen. Alderdi Popularrak herritarrengandik urrundu egin gura ditu erabaki eremuak. Euskal Herriaren kasuan, gainera, jakina da udal botereak garrantzia handia izan duela sare instituzionalean.

EH Bilduk argi esan zuen barikuan: PP bultzatzen ari den administrazio lokalaren erreforma, udal eskumenei inoiz egin zaion erasorik handiena da. Politika honek onartuko duena da, Madrilek zuzenean kontrolatu ahal izatea udal zein herri erakundeen lana. Tornuari buelta bat gehiago eman diote iraganera, eta Frankoren diktadurako azken urteetan eta trantsizioa deitu zioten aroan egon ziren moduan utzi nahi dituzte Udalak: ia-ia eskumenik gabe.

Udalei antolatzeko eta garatzeko eskumena kenduko zaie. Lege berriak 20.000 biztanletik beherako herrietan izango du eraginik handiena, eta 5.000 biztanletik beherako herriak izango dira gehien pairatuko dutenak.

Erreforma hau, estatuaren birzentralizaziorako urrats berria da. Izan ere, onartzen dutenean, Madril izango da euskal udaletan zer egin erabakitzen duena: ze zerbitzu eman dezaketen, ze gastu izan dezaketen, ze proiektu garatu daitekeen... udal eskumenen galerak edozein erabaki hartzea eragotziko die udalei.

Teknokrazia inposatzen ari zaizkigu demokraziaren izenean. Herriak aukeratutako alkateen eta zinegotzien gobernatzeko ardura eta gaitasuna ukatu egingo ditu erreforma honek.

Eta hau, oso garrantzitsua da.

Administrazio zentralak, kasu honetan Espainiako Gobernuak, aukeratuko dituen kontu hartzaileak eta idazkariak izango dira udalen kudeatzaile, eta ordainketak, proiektuak zein inbertsioak bertan behera uzteko eskumena izango dute. Kontuak eta balantze ekonomikoak pertsonen gainetik ipiniko dituzte; udalerri bakoitzeko herritarren benetako beharrizanen aurretik, azken batean.

Lege proiektu honen bigarren kaltea ostera, soziekonomikoa izango da. Zerbitzuen pribatizazioari atea zabal-zabalik utziko zaio, eta horrek zerbitzuen kalitatean ere eragingo du.

Udalen menpe egon diren gizarte zerbitzuak eta prestazioak eskastu egingo dira kalitateari, hedapenari eta estaldurari dagokionez.

Gure ustez, geuk euskaldunok erabaki behar dugu gure erakundeak zelan antolatu. Gure erabakien jabe izan behar dugu.

Honegatik guztiagatik pentsatzen dugu, erabakitzeko euskal esparrua mahai gainean jartzeko momentu egokia dela hau. Ezin dugu onartu Madriletik uneoro eraso gaitzaten erantzun bateratu eta sendorik eman gabe.

Euskal Herriko alderdirik gehienak erreforma honen aurka agertu dira: EAJtik hasi eta EHBildura arte, PSN, PSE eta GeBai barne hartuta. UPN abstenitu egin da gai honen aurrean. PPk, berriro ere, gutxiengotik abiatutako proiektua inposatu nahi digu.

Amaiurrentzat hil ala bizikoa da erreforma honen kontra gauden alderdiok hitz egitea eta jarrerak elkartzea. Elkar ulertzera irits gaitezke.

Aipatutako indar politikoei dei egiten diegu, eta bide batez, baita alderdi horiek Madrilek dituzten diputatuei ere, gai honen inguruan elkarrekin lan egiteko.

Amaiurren iritzia eta jarrera argiak dira. Jadanik esan dezakegu, apiril inguruan, lege proiektua eztabaidatzen denean, osotasunari egingo diogula emendakina. Gaiaren larritasuna ikusita, zatikako emendakina ere egingo dugu disposición transitoria delakoa erabiliz, eta bertan eskatuko duguna da, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan behintzat, erreforma hau ez egikaritzea.

Amaiurrek honi lotuta egingo dituen ekiemenez gain, berriro diogu oso garrantzitsua erreformaren aurka gauden euskal alderdi politiko guztiok elkarrekin hitz egitea.

Gure partetik hauxe baino ez. Datozen orduetan batzarra eskatuko diegu Espainiako Diputatuen Kongresuan dauden alderdi euskaldunetako ordezkariei.

@ehbilducongreso