Zubiaren sinboloa hautatu du Amaiur koalizioak bere apostu politikoa ezaugarritzeko. Zubiak, bai; alde desberdinak elkartzeko, lotzeko, komunikatzeko. Zubiak eraikitzen ari gara, Eskual Herriko ezkertiar eta subiranozaleak biltzeko; elkartu eta indarrak pilatzeko.

Gero eta indar gehiago, Eskual Herriaren normalizazio politikoan urratsak emateko; Eskual Herriaren nazio aitortza eta erabakitze eskubidea onartzeko.

Zubiak behar ditugu, gure proiektu soziala eraikitzeko, langileen eta herri sektoreen interesak nagusiarazteko,eredu publikoa indartzeko, parekidetasuna sustatzeko, lurra zaintzeko, gure hizkuntza eta kultura goratzeko.

Hautestontziak indar, gogo eta borondate eraldatzaileaz bete eta gainezka eginarazi behar ditugu. Eta hautestontzietako boto paperak herri, auzo eta eskualdeetan herritarren mugimendu geldiezin eta neurrigabean bihurtu.

Mugimenduan dagoen herria da zubia eraikitzen ari dena. Erreka gainditu behar dugu, bazterrak elkartu, langile eta gainerako herritarrek krisi garai honetan gure ahotsa entzunarazi. Baztango herritar guziek hortan parte hartzea nahiko genuke, gure eskualdeko herrietako hautestontziek boto ezkertiar eta abertzaleez gainezka egin dezaten, eta batez ere eguneroko dinamika indartu dezaten.

Amaiur Madrilen egonen da, Eskual Herria ordezkatuz, Eskual Herriko langile eta herritarren interesak defendatuz; indartu eta babestu dezagun Amaiur, indartu eta babestu dezagun herri eta auzoetako eguneroko lana boto-paperekin, konpromisoekin, antolaketarekin, elkar-lanarekin.

Zatoz, konbidatzen zaitugu zubiak eraikitzera eta Amaiur babestera!

@ehbilducongreso