Joan den irailaren 26an Euskal Herrian egin zen greba orokorrean Sabino Cuadrak Espainiako poliziarengandik jaso zituen kolpe eta tratu txarrak salatuz, Amaiurreko diputatuak berak aurkeztu zuen salaketa artxibatzeko epaileak hartu duen erabakiaz, hauxe adierazi nahi du koalizioak:

1.- Epailearen arabera greba orokor batean parte hartzea "ez da parlamentari baten eginkizuna". Gure ustez ordea, hautetsi baten izaeraren edo gizarteari begira hautetsi horrek bete beharko lituzkeen eginkizunen ikuspuntu okerra da hori. Gure iritziz, hautetsiei lana ez da soilik instituzio edo erakundeetara mugatu behar. Are gehiago, hautetsien betebeharra errealitatearekin zuzen-zuzenean loturik egotea ere bada.

2.- "Autoritateari atentatua" delakoaren delitua hautetsi bati eraso egitetik dator, nahiz eta hautetsi horren diputatu izaera aurretiaz jakin eta eraso hori egiteko arrazoirik ez izan.

3.- Epaileak kaleratu duen autoak edo ebazpenak dio poliziei karga bati buruzko azalpenak eskatzea polizia horien lana "oztopatzea" dela. Honekin esan nahi duena da, hori eginez gero erabat justifikatua dagoela poliziak hautetsi bati (edo edozein herritarri) eraso egitea. Ikuspuntu erabat atzerakoia bortxakeria polizialari inpunitatea ematen diolako eta justifikatu gabeko indarraren erabileraren lekuko direnak mutu egotera behartzen dituelako.

4.- Amaiurrek kritikatzen duen bestea, salatzaileak aurkezturiko lekukoei testigantza hartu ez izana auzia artxibatu aurretik. Are gehiago, salatzaileari era ofizialean autoaren edukiaren berri eman baino egun bat lehenago, edukia bera komunikabideei filtratu izana oso larria dela deritzogu.

5.- Aipaturiko arrazoi guztiengatik epailearen autoa edo ebazpenari helegitea aurkezteko asmoa iragarri nahi du Amaiurrek.

@ehbilducongreso