{audio}http://ehbildu.net/images/audioak/EUSK-Enbeita-Emilio%20Hellin.MP3{/audio}

Onintza Enbeita diputatuaren arabera Yolanda Gonzalezen hilketa "ez zen zorakeria soil bat izan, Estatuaren erraietatik antolaturiko krimena baizik".

Euskal diputatuak gogoratu du Emilio Hellin eskuin muturreko kide ohiak bere gain hartu zuela hilketa hura. Are gehiago, identitate faltsua zuen benetako nortasun agiri batez Paraguayra ihes egin zuen Hellinek eta poliziak atzeman zizkion armen artean Espainiako armadakoak zeudela esan du Enbeitak. "Azkenean, justiziarekin zuen zorra ordaindu beharrean, justiziak berak ordaindu ditu bere zerbitzuak", salatu du diputatu subiranistak.

Onintza Enbeitak adierazi duenez, "ez du balio Gobernu honek Hellin kontratatu ez duela esateak, azken 30 urte hauetan Estatuko estamentu guztien babesa eta laguntza izan duenean".

"Yolanda Gonzalezen hilketaz hitz egitea Estatu terrorismoaz hitz egitea" dela adierazi du Enbeitak.

Barne ministroak ordea, ez dio Amaiurrek egindako eskaerari erantzun eta ez du kongresuko diputatuen aurrean argitu auzia ikertuko duen ala ez. Haratago joan da Jorge Fernandez Diaz ministroa eta Gernikan Olentzeroren ekitaldi batean parte hartzeagatik Audientzia Nazionalean inputatzeko mehatxu egin dio Onintza Enbeita diputatuari.

@ehbilducongreso