Bake justu eta iraunkorra lortzeko urratsak eman nahi ez izatea leporatu dio Maite Aristegik Mariano Rajoyri. Bere ustez gatazka ezkutatzea gatazka bera konpontzearekin nahasten du Espainiako presidenteak.

Euskal diputatuaren arabera, arazoaren muinera jo beharra dago arazoa bera sortu duten arrazoiak ulertuz eta horiek aldatuz.

Aristegiren hitzetan Espainiako gobernuaren ustezko sendotasunaren atzean ahulezia besterik ez dago. "Hitz egiteko beldur dira jakin badakitelako beraien jarrera euskal gizartean gutxiengoan dagoela", esan du.

Bere burua gobernuaren lekuan jartzeko prest agertu da diputatu subiranista. "Beldur hori ulertu dezakegu, eta mesfidantza hori ere zilegi izan daiteke, baina onartuko duzuenez, denbora nahikoa izan duzue beldur hori gainditzeko".

Estrasburgon gaur gertatzen ari denaren harira Aristegik adierazi du "patologikoa" bihurtu den beldur horrek elkarrizketa blokeatu besterik ez duela egiten. Are gehiago, bere esanetan "ikuspuntu demokratikotik kezkagarriak diren arrazonamenduetara garamatza beldur horrek, sekula gertatu behar ez luketen muturreko egoerak sortuz".

Amaiurreko diputatuak kaskarkeria alde batera utzi eta euskal gizarteak eskatzen duen estatista jarrera har dezala eskatu dio Rajoyri. "Emaiozu aukera bat bakeari eta espainiar estatuan udaberri demokratikoa sartzen utzi ezazu", esan dio Aristegik Espainiako presidenteari

@ehbilducongreso