Amaiurren aldeko bozka eskatzeko ekimena egin dute EA, Aralar, Alternatiba eta Ezker Abertzaleko gazteek Bilboko Zubizuri eta Donostiako Kursaaleko zubietan.

ENTZUN DEZATELA GAZTE OIHUA!

 

Eraiki zubia Independentziari! Bozkatu Amaiur!

Euskal Herriaren askatasunari zubia eraikiko dio gure herriak. Gazteok ere gure etorkizunari zubiak eraiki behar dizkiogu, iragana alde batean utziz, independentziaraino eramango gaituen zubia eraikiz.

Zubiaren alde batean ukazioa, errepresioa, zapalkuntza, bortizkeria... aurkitzen ditugu. Bestean, askatasuna, demokrazia, parekidetasuna, bakea, sormena, ilusioa... aurkituko ditugu. Alde batean estatu zapaltzaileak eta sistema kapitalista patriarkarra. Bestean, herria, aldaketa soziala, eskubideekiko errespetua... topatuko ditugu. Gorriz margotuko dugu zubia. Ikasle, langile, neska zein mutil, laranja zein morea, gazte denek gurutzatu ahalko duten zubi berria. Denon lanaz eta konpromezuaz eraiki beharreko zubia.

Etorkizuna gurea delako, hezkuntza sisteman, hizkuntza politikan, lan baldintzetan, aisialdi ereduan edota sexu harremanetan guk geuk erabakitzeko hautua egina daukagu gazteok. Independentzia da, etorkizuna gure behar eta nahietara egokitzeko tresna bakarra.

Azaroaren 20an, hori erakutsiko diegu Madrileko agintari guztiei. Euren etxera joango gara, gurearen eraikuntza errespetatu dezaten. Euren ondoan jarriko gara, gure aukera ozenago entzun dezaten. Eta haien aurrean jarriko gara atzean herri oso baten nahia ikus dezaten.

Eta gazteok ere oso paper garrantzitsua daukagu lan horretan. Madrilera herri oso bat joateko apustua egin behar dugu, ume, zahar, gazte zein helduez osaturiko Euskal Herria ikustarazteko erronka daukagu. Gazteon hitza, gazteon beharrizana, gazteon proiektua den Independentzia defendatuko duen indar bakarra baitaukagu Amaiur.

España eta Euskadi erabiltzen dutenen aurrean guk Euskal Herria oihuakatzeko indarra izan behar dugu. Azaroaren 20an gazteok ere indar geldiezin horren parte garrantzitsua izan behar gara. Beraz, denon eskuetan dago gure herriaren ahotsa ozenago entzunaraztea. Egungo zapalkuntza orokorraren aurrean, alternatibak badaudela sinisten dugun gazte guztiok gara Amaiur, zu eta ni, zuek eta gu.

Gure hitzak inoiz baino indar gehiago har dezan, gazteok, BOZKATU AMAIUR!

@ehbilducongreso