Sabino Cuadrak gogor kritikatu du Lan eta Gizarte Segurantza ministroak egiten duen politika. Ari horretan, Cuadrak ministroa salatu egin du, enpresa handiei eta finantza erakundeei mesede egiten dielako.

Diputatu subiranistak Enplegu eta Gizarte Segurantza Batzordean egin du interbentzioa, eta gogorarazi du, nola duela bost egun, Emilio Botinek txalotu egin zituen PPko Gobernuaren neurriak "ausartak eta beharrezkoak" direla esanez. Cuadrak azaldu duenez, Botinen bankuak dauka paradisu fiskaletan ezkutatutako elkarteen kopuruaren errekorra Espainiar Estatu osoan, eta Botinek berak eskatu zion Gobernuari orain arteko moduko politikak egiten jarraitzeko.



Hala ere, Cuadraren berbetan, langileen, pentsiodunen eta gazteen egoerak "okerretik okerragora" egin du, eta momentuz, ez sindikatuek, ez pentsiodunen elkarteek, ez emakume elkarteek, ez gazte erakundeek, ez langabetuek, ez dute ezer esan Espainiako Gobernuaren lan politiken alde.

Diputatu abertzaleak eman dituen datuek diotenez, 2007tik 2012ra, Burtsan kotizatzen duten enpresen irabaziak % 38,5ekoak izan ziren, krisia hasi aurreko bost urteetan baino handiagoak. "Krisia ez zaie hain gaizki etorri estatuko banku eta enpresa handienei. Ezta zuen erreformak ere. Kapitalak eta bankuek lehertu arte txalo egiten dizuete", esan du Cuadrak.

Laminaciones Arregui

Gaur goizean Gasteizko Laminaciones Arregui S.A. enpresako langileak Auzitegi Nazionalaren aurrean egin dute elkarretaratzea ezarri nahi zaien EREaren aurka (datozen urte bietan 21 hilabeteko suspentsioa). Langileek uste dute TSJPVk bertan behera utzitako espedientearen gainean beste bat onartzen ari dela enpresa.

Amaiurreko diputatu Iker Urbina Madrilen izan da, eta komunikabideen aurrean azaldu du lan erreformak edozelako erasoak eta erabakiak onartzen dituela langileen aurka.

Urbinaren arabera, Euskal Herriko eredu sozioekonomikoa subirautza osoak bakarrik aldatuko du. "Bestela, Madril izango da gure etorkizuna erabakitzen jarraituko duena, eta gure errealitate sozial zein ekonomikoarekin zerikusirik ez duten erabakiak hartzen.

@ehbilducongreso