Jon Argintxonak gaur Ondarroan esandakoa:

Une oso garrantzitsu eta historikoan gauden honetan, giza eskubide guztien, norbanakoenak zein kolektiboarenak, errespetuan oinarritutako bake eszenatoki bat erdiesteko egiazko aukera inoiz baino argiago ikusten da. Testuinguru honetan, ezkerreko abertzaleak, soberanistak eta independentistak elkartzeak balio izugarria dauka. Indar ezberdinen arteko elkarketak —gero eta gehiago batzeko helburuarekin, gainera— eraman beharko du herri hau egiazko eta behin betiko bake eszenatokira eta herri hau sozialki modu bidezko eta orekatu batean eraikitzera… Demokraziarantz, elkartasunerantz, berdintasunarantz orekatua.

Azken egunetako albisteak jarraituz, adibide bat. Iberdrolako presidenteak energia elektrikoaren produkzioari buruzko eztabaida sortu du. Espainiako Gobernuko planak aurrera eramanez gero, herritarrok urtero 400 euro gehiago ordaindu beharko ditugula esan digu. Energia sortzeko teknologia berriztagarriak erabiltzearen ondorioa izango litzateke hori… Baina, energi elektrikoa sortzeko Iparraldean jasaten duten teknologia nuklearrekiko menpekotasuna saihesteko eta hemen, Hegoaldean enpresa energetikoen oligopolioa saihesteko beste bide batzuk daude. Ez ginateke bide hoietatik abiatu behar? Berriztagarriak hainbat mailatan instalatu daitezke. Etxe-jabe indibidualak, etxe-komunitateek, udalerriek… Europan produkzioa eta ornidura askoz anitzagoa da, askoz ere sakobanatuago dago. Hemen enpresa handien menpe gaude.

Eta nork emango ditu gugaitik eredu horretarantz pausoak? Iberdrolak? Espainiako gobernuak? Lopez eta bere lagunek?

Batasuna, aterabide demokratikoa, burujabetza, eredu sozial berri baten aldeko borroka… Etorkizunerantz eraikitzen hasi garen zubien zutabeak dira. Gure auzoetan, gure herrietan, Euskal herri osoan.

Baina, esaidazue. Nork defendituko ditu, nork bultzatuko ditu, asmo horiek guztiak guk egiten ez badugu? Amaiurrek lanerako eremu bat izan nahi du. Herritar guztiok eragiteko, ekiteko, nahi dugun Euskal Herria lortu arte. Kontutan eduki egizue, lanean 21an, 22an, 23an… datorren urtean eta hurrengoan jarraitu beharko dugula. Madrilen, Parisen, Pauen, Bordelen, Iruñan, Gazteizen. Denon artean. Guk ez dugu nahi ordezkari batzuk Espainiako Gortera bidaltzea bakarrik. Hortik askoz hurrunera goaz.

Amaiur osatzen dugun Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako gizon-emakumeok uste dugu Euskal Herrian ireki den fase politiko berrian beharrezkoa dela eragile guztien inplikazioa, arlo politikokoak zein sindikalekoak eta sozialekoak, gure herria behin betiko konponbide demokratikoaren eszenatokira eramango duen prozesu demokratiko integral bat garatu ahal izateko. Amaiur osatzen dugun pertsonon ustez, bakea eta normalizazio politikoak eta konponbide demokratikoek ezin dute itxaron. Amaiurren gaudenok deritzogu bake eta normalizazio politikoa eraikitzeko eta demokrazia eta askatasuna erdiesteko egindako ahaleginek osatzen dutela egin dezakegun inbertsiorik onena. Inbertsio eta ahalegin horien onuradunak herri honetako biztanle guztiak izango gara.

Mugarri bat daukagu gure aurrean, egun batzuren bueltan. Azaroaren 20ko hauteskundeetan, Amaiurrek herri honen bozgorailu izan nahi du; euskalherritarren ordezkaritza osatu nahi dugu Kongresuan eta Senatuan. Euskal Herriaren ahotsa izan nahi dugu, nazio gisa ditugun eskubideen (hizkuntz eskubideak, eskubide sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak barne) aldarrikapena Madrilen ere entzun dezaten. Zuon, denon indarra behar dugu Euskal Herriko proiektu eraldatzailea aurrera eramateko…

Une historiko honetan ozen eta argi esan behar dugu Espainiako eredu politiko, ekonomiko eta kulturalaren aurrean badela bere etorkizunaren jabe izan nahi duen nazio bat; bake eta konponbide demokratikoen eszenatokia exijitzen duen nazioa. Eta noski, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen defentsa tinkoa egingo dugu.

Gora Euskal Herri askea! Gora Amaiur!

@ehbilducongreso