Cristina Borboikoaren inputazioak ageria uzten du Espainiako estatuan dagoen ustelkeria maila handia. PSOE eta PPko kargu politikoak, gobernuko kideak eta baita Espainiako errege etxeko kideak ere ustelkeria auzi ezberdinengatik ikertu, inputatu edo eta zigortuak izan dira.

Horrek guztiak argi erakusten du horren besteko ustelkeria eta iruzurraren azalpena estatuaren botere egituraketan dagoela. Alegia, espainiar sistema politikoa erabat usteldua dago.

Gogora dezagun gainera, Francisco Franco Bahamonde bera izan zela Juan Carlos Borboikoa estatuaren buruzagitzan jarri zuena. Espainiako monarkia beraz, inposaturiko erakunde anakroniko eta absurdua da.

Euskal gizartearen gehiengoa eta baita estatukoa ere, beraiek sortu ez duten krisiaren ondorioak pairatzen ari diren bitartean, Espainiako gobernua krisi hori berori sortu zuten eliteen mesederako neurri ekonomikoak onartu besterik ez du egiten.

Eta bien bitartean, kargu politiko ohiak eta, dirudienez, baita Espainiako errege etxeko hainbat kide ere, milioi askotako kontu korronteak ezkutatzen ari dira Suitzan.

Azken ustelkeria auziek agerian utzi dute beste behin Espainiako estatuak bizi duen krisi instituzionala. Gogora dezagun gainera, Euskal Herriaren eskubide kolektiboak ukatzen dituen estatua dela.

Ustelkeriaren gaitza errotik moztu eta ustelkeria auzietan zerikusia duten kargu politiko zein estatuko buruzagitzako kideak koplarik gabe zigortzeko ordua iritsi da.

@ehbilducongreso