Amaiurren Gipuzkoako hautagaiak eta guri babesa ematera etorri diren hautetsi eta kargu publiko batzuk Gipuzkoako jendartearen aurrean agertzen gara, hauteskunde kanpainaren azken txanpan, momentu historiko honetan Amaiurreri bozka ematearen garrantzia azpimarratzeko. Euskal herritarrekin zubiak eraikitzen ekin zion Amaiur-ek bere ibilbideari. Alderdi eta kultura politiko desberdinetako jendea ados jarri gara, behingoz, eta zubi hori gero eta handiagoa egiten ari gara.

Hemen gaudenok, egun hauetan, Gipuzkoako herriz herri eta kalez kale joan gara, Amaiur zer den eta zertarako jaio den aurkeztuz eta Amaiur bozkatzearen garrantzia azpimarratuz. Gipuzkoako milaka eta milaka herritarrekin batera izan gara azken astetan, eta benetan eskertzekoa izan da herritarren partetik jaso dugun harrera eta berotasuna.

Izan ere, herritar askok eskatzen zuen ariketa burutu dugu Amaiur osatzen dugunok: bizi dugun une garrantzitsu honetan hauteskundeek suposatzen duten erronkari herri bezala erantzuteko indar anitz eta zabalak metatu ditugu, herri ikuspegia alderdi interesei gailenduz.

Amaiurrek ez dauka zalantzarik: azaroaren 20ean, Euskal Herrian autodeterminazioaren aldeko gehiengo soziala dagoela ikusaraziko dugu. Euskal gizartearen hitza eta erabakia errespetatua izatea exijitzen duen gehiengo soziala, hain zuzen ere.

Igandean argi eta garbi ikusiko da Espainiar eredu politiko, ekonomiko eta kulturalaren aurrean bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herria badela, aldaketa politiko eta sozialaren prozesuan behin betiko bakea, aitorpena eta konponbide demokratikoen agertokia eskatzen duen herria.

Eta maiatzaren 22an egin bezala, gipuzkoarrok argi eta garbi adieraziko dugu gure herrialdea eta Euskal Herria bestelako parametro batzuetatik eraiki nahi dugula: erabakitze eskubidetik, parekidetasunetik, justizia sozialetik, Ama Lurrarekiko errespetutik.

 

Inolako zalantzarik ez dugu; Igandean Gipuzkoak urrats izugarria emango du burujabetzaren, bakearen eta demokraziaren bidean. Gipuzkoarrok argi eta garbi esango diogu Madrili Euskal Herriak bere etorkizuna, bakeaz eta askatasunez, erabaki nahi duela.

Azaroak 20an Gipuzkoarrok Euskal Herriari ekarpen erraldoia egin behar diogu, eta harro onartzen dugu erantzukizun hori. Azaroak 20an Amaiurrek Gipuzkoako hautestontziak Amaiur-en bozkekin bete behar ditugu, burujabetzaren, konponbidearen eta bakearen alde.

Esan bezala, Euskal herritarrekin zubi handi bat eraikitzen ekin zion Amaiurek bere ibilbideari. Zubia erraldoia da dagoeneko, Anoetako Belodromoa lekuko, baina oraindik harri batzuk falta dira zubi osoa eraikitzeko. Falta direnak konbentzitu behar ditugu. Bozka bakoitza klabea da. Igandean, inolako abertzale, subiranista, independentista, ezkertiarrek ezin du abstentzioan geratu. Mundu guztiak izan behar du aldaketaren protagonista. Lagun guzti horiek Amaiur-en bozaren balioaz konbentzitu behar ditugu.

Azaroaren 20ean ezinbestekoa da hautestontziak Amaiur-en bozkaz betetzea. Helburu hori betetzeko ezinbestekoa da gu guztion lana, beraz ekin lanari eta gure inguru guztia konbentzitzera, azaroaren 20ean denok Amaiur bozkatzera!

@ehbilducongreso