"Merkelek eta haren EBZk baldintzatzen dute Espainiako Bankuaren laguntza, eta horrek aldi berean, pentsioen erreforma baldintzatzen du. Horixe da dagoena. Espainia markak gero eta made in Germany gehiago dauka". Horrela hasi du diputatu euskaldunak bere interbentzioa lan adina luzatzeko PPK aurkeztutako dekretuaren gaineko eztabaidan.

Sabino Cuadrak Espainiako Gobernuak soldatak, pentsioak, eta langabezia sariak jaisten dituela esan du enpresa handien eta hauen zuzendaritzen irabaziak krisi garaian ere hazten ari diren bitartean. Desberdintasun sozialak handitu dira. Aberatsak aberastu egin dira, eta txiroak txirotu", esan du Cuadrak, eta 885.000 lanpostu desagerraraztea leporatu dio PPri. "Zelan ez da txarra izango Gizarte Segurantzaren egoera, berau suntsitzen ari bazarete?", galdetu du.



Diputatu subiranistak pentsio sistema publikoa "derrigorrezko gutxienekoak" betetzera mugatu izana ere, leporatu dio PPri. Bere hitzetan, Gobernua, gutxi batzuek baino ordaindu ezin dituzten pentsio funts pribatuak bultzatzen ari da.

Hari horri tiraka, PSOE, UGT, CCOO eta CEOEri ere, kritika gogorra egin die Cuadrak 2011ko iraunkortasun faktorea sinatu zutenean, pentsioen sistema publikoa lehertu zutela esanez. Amaiurreko diputatuaren arabera, Toledoko Paktua "apurtuta" dago; "ez dago". "Birrinak baino ez dira gelditzen", amaitu du.

Amaitze aldera, Euskal Herriak subirautza behar duela aldarrikatu du Cuadrak. Horrela bere pentsio sistema eta Gizarte Segurantza propioa izango lituztekeelako: "geure medio eta irizpideekin eraikitako sistema propioa".

@ehbilducongreso