Sabino Cuadra Amaiurreko Diputatuak esan du, Nafarroako Parlamentuak bere egunean erabakitakoaren kontra, Frankok Nafarroari emandako San Fernandoren ohorezko gurutzea ez kentzea estatu kolpe kriminal hari lotutako sinboloak "babestea" dela. Esan duenez, 3000 fusilatutik gora utzi zituen estatu kolpeak bide bazterretan eta hobietan lurperatuta.



Diputatu euskaldunaren iritziz, oraindik eta larriagoa da gurutze "gorrotatu" hori Nafarroako Foru Parlamentuak erabakitakoaren kontra mantetzea. "Zuen gobernuak, nafarren borondatea errespetatzetik urrun, herriak gaitzetsitako sinboko frankistak inposatzen dizkio Nafarroari", esan dio Defentsa Ministroari.

Horren harira, Cuadrak gogorarazi du, iragan astean, UPyDk aurkeztutako iniziatiba batean nola esan zuen PPko bozeramaileak nahi duten bake bakarra irabazle eta galtzaileak bereiziko dituena dela.

Diputatu subiranistak esan du 1939ko bakeak "Espainiaren eta Jaungoikoaren alde eroritakoak" omendu zituela bakarrik, eta bestentzat ahanztura eta gezurra baino ez zirela egon, eta salatu du, orain ere, gauza bera egin nahi dela irabazleak eta galtzaileak bereiziko dituen bakea eraikiz.

Cuadrak Kongresura ekarri du milioi bat kolonbiar inguruk egin duten bakearen aldeko martxa. Martxa horretan Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea ere izan da. "Marxaren helburua Gobernua eta FARC negoziatzen ari diren bake prozesua babestea izan da. Eskuin muturra izan da parte hartu ez duen bakarra", azaldu du.

Euskal diputatuak Espainiako Gobernua gonbidatu du Kolonbiakoaren pausoak jarraitzera. "Egin ezazue apustu egia guztiak biltzen dituen egia eta guztiok irabazle egingo gaituen orainaren eta etorkizunaren alde!", esan dio Ministroari.

@ehbilducongreso